Dardarak artxiboan. Maritxu eta Katalinaren kasua kalera erakusketa irekiko dute ostegunean Donostian.
Aiete Kultur Etxeak Dardarak artxiboan. Maritxu eta Katalinaren kasua kalera izeneko erakusketa zabalduko du hilaren 6an. Erakusketak 500 urtez isildutako genero eta sexu disidentzien inguruko ibilbidea proposatzen du. Joana Aurrekoetxea Arratibel (Donostia, 1987), Karmele Mitxelena Etxebeste (Oiartzun, 1988) eta Irene Irureta (Zumaia, 1989) dira erakusketaren egileak eta haien esanetan, Valladolideko Errege Kantzelaritzako artxibo historikoan gordetako 1503ko dokumentu judizial bat da erakusketaren ardatza. Honen arabera, Donostiako alkateak Katalina Belauntzakoa atxilotu, torturatu eta erbesteratu zuen Maritxu Oiartzungoarekin “haragizko harremanak” izatea leporatuta.
Aurrekoetxeak, Mitxelenak eta Iruretak iaz argitaratu zuten Dardarak (Txalaparta) album ilustratuan gertakari historiko hau fikzionatu zuten, egungo Donostiako testuinguruan bestelako problematika sozial batean gorpuztuz: “Katalina eta Maritxu adineko bikote bat da, eta etxegabetzearen amesgaiztoak zeharkatuko ditu haien bizitzak”.
Album ilustratuko fikziozko elementu eta espazioek, beraz, Maritxu eta Katalinaren egiazko istorioaren eta XV eta XVI. mendeko europar mendebaldeko sexu eta genero disidentzien erakusleihoa konfiguratuko dute. “Urte luzez historiografia tradizionalaren itzalean bazter utzitako subjektu eta bizitza hauei plaza publiko bat eskaintzera gatoz, memoria, aitortza eta erreparazio sinbolikoa aldarrikatuz Maritxu eta Katalinarentzat”, nabarmendu dute antolatzaileek.