Antzezpeneko protagonista Andre Madalen da, XVII. mendeko euskal emakumea eta lilitarren leinuko azken biztanlea. Emakume langile mobilizatu eta ez konformistaren irudia erakusten du.
Ni feminista naiz lelopean irekiko dute Zestoako Lili Jauregiko antzezpenen denboraldi berria. Izan ere, Lilitarren linaiari hasiera eman ziona emakume bat izan zen eta ondoren ere, Lili Jauregia emakumeek gobernatuta agertu izan da hainbat garaitan. Horregatik, guztiz bat egiten du “feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatu eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenei balioa eman nahi izatearekin”, azaldu du Gipuzkoako Aldundiak.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak adierazi duenez, “Lili Jauregia gure lurraldearen historiaren adibide bizia da, eta ‘Liliren Ohorea’-rekin emakumeek mendeetan zehar gure gizartean izan duten funtsezko papera berraurkitzeko aukera eskaintzen digu. Antzezpen honek Andre Madalenen irudira hurbiltzeaz gain, eskubideen bilakaeraz eta berdintasunaren aldeko borrokaz hausnartzeko aukera ematen digu. Harro egoteko modukoa da, urtez urte, kultur ekimen honek hazten jarraitzea eta gure ondareari balioa ematea ikuspegi feminista eta garaikide batetik”.
“Lilitarren Ohorea” datu historikoetan oinarrituriko antzezpena da, ikerketa historikoetan oinarritutako gidoi landu batekin. Antzezpeneko protagonista Andre Madalen da, XVII. mendeko euskal emakumea eta lilitarren leinuko azken biztanlea. Emakume langile mobilizatu eta ez konformistaren irudia erakusten du. “Antzezlana beti talde txikitan gozatzen da, ikusleak antzezpeneko parte izaten direlarik hasieratik”, azaldu dute.
Antzezpenaren gidoia Zestoako Lili familian oinarritzen da eta hau errenazimentuko emakumeen indarraren eredu garbia da: Domenja Lili, linaiari hasiera eman zion emakumetik aurrera, Lili Jauregia emakumeek gobernatuta agertu izan zen. “Euskal Herrian emakumeek izan dituzten ardurak eta agintea nabarmentzen dira: Errenazimentuan lurrak eta ondasunak emakumeek beraien izenean hartu zitzaketen oinordekotzan baina Andre Madalenen kasuan, gainera, senarrak Lili Jauregiko negozioen kargu egiteko botere-idatzia eman zion. Guzti hau antzezpenean azaltzen da”. Ondorengo mendeetan emakumeak hainbat eskubide galdu egin zituen eta XX. mendera arte ez ziren berreskuratuko. Zestoako Lili Jauregi historikoa eta ikusgarria da “Lilitarren Ohorea” antzezlanaren benetako agertokia. Pertsonaia historikoekin eta hezur-haragizko aktore baten dramatizazioarekin, Andre Madalenek bisitariak 1678. urtera eramango ditu. Bidean, bakarrizketa baten bitartez, bisitariek jauregia eta nortasun handiko euskal emakumearen istorioa ezagutuko dute.
Sarrerak eskuratzeko https://www.ekainberri.eus/eu/lili-jauregia/ loturaren bidez egin beharko da.