‘’Etengabeko (ber)eraikuntzan’ olerki-liburu ilustratua garatzeko baliabide ekonomikoak lortu dituzte Julene Gatzagaetxebarriak eta Sara Oregik

Itsulapikoa.eus plataformaren bidez, 5.887 euro lortu dituzte proiektua egin ahal izateko. Maiatzaren 8an Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean aurkeztuko dute lana.

Urtarrilaren 15ean Itsulapikoa.eus plataforman Julene Gatzagaetxebarria eta Sara Oregi gazteen proiektua gauzatzeko diru-bilketa kanpaina jarri zen martxan, eta 40 egun pasatxoren ondoren lortu dute beren gutxieneko helburua. 5.887 euro lortu dituzte proiektua egin ahal izateko, eta diru kopuru horrekin bi neskek poesia liburu ilustratua garatuko dute.

Baliabide ekonomikoak lortuta, orain sormen lanaren txanda izango da, ia hiru hilabete izango dute beren lana gauzatzeko: horretarako, idazle eta ilustratzaileaz osatutako bikoteak elkarlanean lan egin beharko dute beren lan-katea osatu eta proiektua egikaritzeko.

Gatzagaetxebarriak eta Oregik Etengabeko (ber)eraikuntzan olerki-liburu ilustratuaren proiektua aurkeztu zuten Batera deialdian; alde batetik, Julen Gatzagaetxebarriak azken urteetan zehar idatzi dituen olerkien bilduma batu nahi dute liburuan, eta bestetik, Sara Oregiren ilustrazioek lagunduta jantzi dute olerki bakoitza, beharrezko gorpuzkera eta edertasun puntua emanez. Azaldu dutenez, “olerkiek ez dute ildo zehatz bat jarraitzen, ortzi-muga zabal bat jorratzeko asmoarekin sortuta daude: bizimodua ikusteko erak, eguneroko kronika kritikoa, pertsonen arteko harremanen eragina, adiskidetasuna, maitasuna, bizipen pertsonalak eta fikziozkoak direnak ere, lagunei opari modura eskainitakoak…”. Azken finean, Julenen hurbileko ingurunean bizi eta ikusi dituen egoerek eta horien aurrean izan duen jarreretan aurkitu du inspirazioa.

Behin proiektua garatuta, maiatzaren 8an Izaskun Arrue Kulturgunean aurkezteko dute bere lana, eta Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko emaitza argitaratuko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna