Emanaldian, emakumearen bizitzako etapa desberdinetan sentitzen diren emozio eta kultura kargei erreparatzen zaie. Emanaldia martxoaren 18an izango da, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Campos Antzokian.
Janire Etxabek Atxine ikuskizunarekin dantza bertikalaren eta arte plastikoen arteko fusio berritzailea aurkeztuko du Bilboko Loraldia Festibalean. Emanaldian, emakumearen bizitzako etapa desberdinetan sentitzen diren emozio eta kultura kargei erreparatzen zaie, sinbolismoaren eta gorputz adierazpenaren bidez emozio unibertsalak transmitituz.
Publikoak emakume bat burukoa jantzita duela ikusiko du agertokian. Emakume horrek haren bizi-zikloaren bidean duen karga emozionalari eta kulturalari erreparatzen dio. Sinbologiaz aldatzen joango da eta objektuek protagonismoa hartuko dute. Emakumea bertan jaioko da, babestuko da, eta bertatik isuriko ditu ahotsa, odola, izerdia eta bizia. Soinu-eremuan, ttun-ttuna edo xirula bezalako doinu tradizionalak soinu industrialekin uztartuko dira. Jose Pablo Arriagak sortu ditu objektuak eta Paula Olazek soinu-espazioa.
Loraldia jaialdiko antolatzaileek adierazi dutenez, “Etxabe dantza bertikalaren eremuan aritu da buru belarri 2017tik hona. Atxine dugu azken sormena eta berriro ere ikuslea harritzeko eta hunkitzeko gogoarekin taularatuko du obra”. Performance honek arte plastikoak eta dantza bertikala uztartzen ditu.
Emanaldia martxoaren 18an izango da, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Campos Antzokian.