Proposamen didaktiko honen helburua da Atxagaren liburuko ilustrazioetatik abiatuz bidaia bisual bat egitea. Finean, iraganera begiratuz (askatasun-irrika, gerra, adiskidetasuna…) oraina hobe ulertzeko ariketa bat da, erantzunak baino, galdera gehiago sortzea helburu duena.
Karrikiri Elkarteak eta Pamiela Argitaletxeak gazteei zuzendutako MO. Behi euskaldun baten memoriak erakusketa eta proiektu pedagogikoa aurkeztu dituzte. Erakusketa gaurtik, martxoak 10, maiatzaren 10era Nafarroako Liburutegiko Erakusketa Aretoan bisitatu ahal izango da, eta panelek, testuek, landa eremuko tresnek eta pankarta ezberdinek osatuko dute, proiekzioez eta multimedia materialaz gain.
Bernardo Atxagaren Mo. Behi euskaldun baten memoriak liburuan eta Pello Varela gidoilariaren eta Juan Suarez marrazkilariaren MO eleberri grafikoan oinarritzen da proiektua. “Atxagaren liburua gazte literaturaren klasiko bat da, non protagonista behi gazte bat den eta, edozein nerabek bezala, oinarrizko galdera existentzial eta ezinbestekoei aurre egin beharko dien”, azaldu dute antolatzaileek.
Bigarren Hezkuntzako irakasleek landutako proposamen didaktiko honen helburua, hain zuzen ere, ilustrazioetatik abiatuta bidaia bisual bat egitea eta iraganera itzultzea da, oraina ulertzeko ariketa gisa, erantzun baino galdera gehiago sortu asmoz.
Erakusketa liburutegiko ordutegian bisitatu ahal izango da 8:30etik 20:30era bitartean eta sarrera doakoa izango da. Gainera, goizez, aurrez hitzartutako bisita gidatuak egingo dira Iruñerriko hainbat eskola, ikastola eta instituturekin, baita euskaltegiekin ere. Nafarroako Liburutegian ikusgai egon ondoren, datozen hilabeteetan Nafarroako liburutegi sareko beste hamar liburutegitan izango da proiektua.