Mikmak herriko Darlene Gijuminag-ek, Mixel Etxekoparrek eta Claudine Arhancetek musikariek osatutako hirukotea Bilboko Bidebarrieta Liburutegian eskainiko dute zuzenekoa martxoaren 26an.
Loraldia Festibalaren baitan taularatuko da Lurretik Lurrera izeneko musika-emanaldi berezia martxoaren 26an, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Mikmak herriko Darlene Gijuminag-ek, Mixel Etxekoparrek eta Claudine Arhancetek musikariek osatutako hirukoteak ordu beteko musika bidaia eskainiko dute, XVI. eta XVII. mendeetako euskal arrantzaleen eta Ternuako mikmak komunitatearen arteko lotura historikoan oinarrituta.
Etxepare Euskal Institutuak sustatu zuen egitasmo hau Saison Quebec Pays Basque ekimenaren baitan, eta Montrealeko Centre des Musiciens du Monden sortu zen 2022an. Orain, Loraldia Festibalera iritsi da, bi herrien arteko elkarrizketa artistiko eta kultural hori publiko zabalarekin partekatzeko asmoz.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “euskal arrantzaleek eta mikmak herriak algonkin-euskara pidgina sortu zuten, elkarren arteko komunikazioa errazteko. Harreman hura, itsasoaren eta lurraren sakontasunetik sortua, oraindik ere inspirazio iturri da”.
Lurretik Lurrera proiektuaren arima lurrak duen garrantzian eta haren inguruko elkarrizketan datza. “Zuberoako eta mikmak herriko musikariek beren sustraietatik sortutako doinuak elkartuko dituzte, ikusleak iraganeko eta oraingo elkarrizketa horren partaide bihurtuz”.