(argazkia: GFA)

LUMAfest! jaialdiaren laugarren edizioa apirilaren 3tik 5era egingo da Donostian

Mikrokontakizunen lehiaketara testuak aurkezteko epea martxoaren 19ra arte egongo da zabalik, 14 eta 21 urte bitarteko gazteentzat. Topaketak Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostiako Santa Teresa Komentuan izango dira.

Laugarren urtez jarraian, Gipuzkoako Aldundiak LUMAfest! gazte literatura eta sorkuntzari buruzko jaialdia antolatu du apirilaren 3tik 5era bitartean, Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan. Publiko gaztearentzat punta-puntakoak diren idazleak biltzen ditu ekimena hala nola Joana Marcus, Allison Saft eta Alice Kellen. Antolakuntzak nabarmendu duenez, “irakurle eta idazle gazteen topaleku izan nahi du jaialdiak, eta bi zaletasun horien inguruan gazteen komunitateen sorrera bultzatu eta gazteen artean gogoeta eta pentsamendu kritikoa sustatu”.

Ildo beretik, Kultura Sustapen eta Gazteria zuzendari Isaac Palenciak adierazi duenez, “irakurketa eta idazketa bultzatzeko espazioak sustatzen jarraitu nahi dugu, haien botere eraldatzailean konfiantza dugulako hausnarketa kritikoaren eta irudimenaren ariketatik abiatuta”.

Paula Estevezek aurtengo ediziorako kartel berria diseinatu du eta hurrengo edizioetan ere erabiliko dela nabarmendu dute antolatzaileek, “jaialdiaren identitate bisuala indartzeko eta irudi ezagun eta egonkor bat izateko”, ekimenaren espiritua jasoko duena. Kartelak “estilo ausart eta feminista” du, eta ideia hau jasotzen du: irakurketak ateak irekitzen ditu eta norberaren subjektibotasuna gainditzen duten beste esperientzietara sarbidea ematen du.

Egitarauari dagokionez, apirilaren 3an, Lur Gallastegi Go!azen telesaileko liburuen egileak Zurriola beach hostel nobela berria aurkeztuko du. Idazleak mahai-inguru batean parte hartuko du Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolariarekin batera. Ondoren, ohiko formatuetatik aldenduz, Formol Laborategiak Album obratik abiatuta, hitzaldi eta irakurketa dramatizatu baten arteko hibridazioa eskainiko du.

Apirilaren 4an, berriz, Allison Saft eta Joana Marcusek hitzaldi bana eskainiko dute.

Azkenik, apirilaren 5ean, Bruno Puelles antzerki irakasleak eta Lidia Cipres egileak hitzaldi batean hartuko dute parte, haien azken liburuetatik abiatuta. Bertan, girotzeak eta pertsonaiak sortzeko teknikei buruz hitz egingo dute.

Mikrokontakizunen lehiaketa

Antolakuntzak gogorarazi duenez, “14 eta 21 urte bitarteko gazteentzako mikrokontakizun lehiaketara lanak aurkezteko epea martxoaren 19ra arte egongo da zabalik. Aurten, Desira(tu) / Deseo da lan guztiek izan behar duten lehiaketaren kontsigna”. Mikrokontakizunek gehienez 240 karaktere izan beharko dituzte, euskaraz edo gaztelaniaz idatzita egon daitezke eta Instagram edo X sare sozialen bidez aurkeztu beharko dira, #lumafestibalamikros traola erabiliz eta jaialdiaren kontua aipatuz (@lumafestibala bi plataformetan), edo mezu bat bidaliz info@lumafestibala.com helbidera. Oinarriak jaialdiaren webgunean kontsulta daitezke: www.lumafestibala.com.

Zabaldu:

Utzi erantzuna