‘Gaztetxeak bertsotan’ txapelketa berria abiatuko da ostiralean Itsasun

Denera zazpi saioz osatuta egongo da sariketa: lau kanporaketa, bi finalerdi eta finala. 2000. urtetik aurrera jaiotako 24 bertsolarik hartuko dute parte.

Gaztetxeak Bertsotan binakako bertso-sariketa berria antolatu dute Euskal Herriko hainbat bertsolarik gaztetxeko asanbladekin batera. Bertsoa.eus atariak eman du egitasmoaren berri eta Aroa Arrizubieta eta Ander Sarriugarte bertsolari antolatzaileetako bi elkarrizketatu ditu horretarako.

Arrizubietak azaldu duenez, “sariketak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, gazte bertsolarientzako saio eroso eta dibertigarriak eskaintzea, gazteon intereseko gaien inguruan kantatu eta kezkak plazaratu ahal izateko, eta bestetik, gaztetxeen eta bertsoaren arteko harremana estutzea, bai gaztetxearen bueltan ibil daitekeen jendea bertsozaletuz eta baita bertsozalea den jendea gaztetxera eta politikara gerturatzeko aukera bat zabaltzeko ere”.

Sariketan 2000. urtetik aurrera jaiotako 24 bertsolari gaztek hartuko dute parte eta lau kanporaketa, bi finalerdi eta finala antolatu dituzte.

Lehen kanporaketa Itsasun izango da ostiralean, Goxoki Gaztetxean. Larunbatean, berriz, Mutrikuko gaztetxera egingo dute jauzi, hirugarren saioa martxoaren 21ean izango da Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxean eta azken kanporaketa Altsasun izango da 22an. Finalerdiak apirilaren 3an eta 10ean izango dira, Bilboko 7Katun eta Gasteizko Gaztetxean, hurrenez hurren. Finalaren xehetasunak zehazteko daude oraindik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna