Batez ere, guraso izateko bidean daudenei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei egin diete deia.
UEMAk, Galtzaundik eta Tolosaldeko 23 udalek Abizena ere euskaraz kanpaina abiatu dute. Diotenez, “Tolosaldean ere asko dira oraindik erdarazko grafiaz idazten diren euskarazko abizenak: Malcorra, Otegui, Aramburu, Achucarro, Urretavizcaya, Goicoechea, Echeverria, Bengoechea…”. Egitasmoarekin herritarrek abizenak era ofizialean euskaraz jartzea sustatu nahi dute.
Bereziki guraso izateko bidean daudenei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei egin diete deia. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.
Tolosaldean baino lehen, beste zenbait lekutan ere egin dute abizenak euskalduntzeko kanpaina, UEMAren eta tokian tokiko udalen eta euskara elkarteen ekimenez. Kanpaina ez da berria, beraz, baina tarteka errepikatzen du UEMAk, beharraren arabera. Izan ere, “tarteka kanpaina egiten den arren eta hainbat herritarrek abizenak euskaratzen dituzten arren, oraindik ere agiri ofizialetan eta gainerakoetan abizenak erdal grafiaz dituzten herritarrak asko dira, eta badira abizena erdal grafiaz idazteko ohitura duten herritarrak ere”.
UEMAk argi duenez, “urte askoan euskarak jasandako jazarpena dago atzean”. Izan ere, “euskara ez ezik, izenarekin batera izana ere ukatu zitzaien euskaldunei, eta abizenak erdal grafiarekin idaztera behartu zuten belaunaldi bat baino gehiago”.
Hala, abizen ugari belaunaldi berriengana heldu da, eta gaur egun ere euskal abizen asko erdal grafiaz ikusten da agiri ofizialetan. Horregatik, UEMArentzat, euskarari dagokiona itzultzeko modua da euskal abizena behar bezala idaztea, euskaraz.
UEMAz eta udalez gain, beste hainbat eragilek ere egin izan dute abizenak euskaratzeko kanpaina azken urteotan. Agerraldiak egindako Abizenak badu izana, esaterako, horren erakusle da.