Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Sukena, The Lio eta Kaotiko dira uztaileko kartela osatuko duten talde eta bakarlariak.
Azken Hatortxu Rock izango dena forma hartzen ari da, gaur uztailaren 24tik 27ra bitartean Lakuntzan egingo den festa erraldoian parte hartuko duten 22 talde eta bakarlariren izenak eman ditu ezagutzera antolakuntzak. “Hatortxu badoala iragarri genuenetik ideia batekin ari gara lanean: elkartasun jaialdi honek izan duen ibilbidea kontuan hartuta, erdietsi dituen lorpenak ahaztu gabe, eta oraindik errepresaliatu politikoen auziari erabateko konponbidea emateko urratsak falta direla ahaztu gabe, behar bezalako amaiera ematea”.
Horretarako, agertoki gainean eskaintza berezi bat aurkezteko buru belarri dabiltza antolatzaileak. Horren adibide dira gaur aurkeztutako 22 izen berriak: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servoum, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Sukena, The Lio eta Kaotiko.
Aurretik, Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos, Betagarri, Buitraker, Autobus Magikoa eta Never Surrender bertan izango direla iragarri zuten.
Hala ere, diotenez, kartel osoaren heren bat baino ez dute osatu oraindik, “100 talde inguru bilduko ditugu, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta guzti hauen senideen eskubideen alde berriz ere Hator-hator neska-mutil etxera! oihukatzeko asmoz”.
Taula gaineko eskaintzaz gain, “elkartasun jaialdia inguratuko duen guztian ere lanean ari gara: kanpalekua, bestelako programazioa… Datozen asteetan joanen gara xehetasun guztiak ematen, herritarren oroimenean geratuko diren egun batzuk marrazteko”.
Sarrerak
Sarrerak salgai daude, www.hatortxurock.eus webgunean. Lau eguneko bonua 105 euroko prezioan dago eta aurrerago ere egun bakoitzeko sarrerak eskuratzeko aukera izango da.