(argazkia: Euskaraldia)

Euskaraldia, “estres linguistikoa” ezabatzeko bidea

www.euskaraldia.eus webgunean, modu errazean, egongo da zein rol hartuko duten jakinarazteko aukera. Antolatzaileen esanetan, ezinbestekoa da ariketak irauten duen hamaika egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak.

Bi hilabete baino ez dira falta Euskaraldia abiatzeko eta dagoeneko laugarren edizio honetan belarriprest edo ahobizi moduan izena emateko epea ireki dute. “Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten ariketa masiboa, eta jakina denez, txapa paparrean jantzita ibiliko dira Euskal Herri osoko milaka eta milaka lagun”, adierazi dute antolatzaileek.

Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da, edo beste era batera esanda, euskara gehiago erabiltzeko ariketa praktikoa. Irati Iciar Taupako lehendakariak dioen bezala, “urte askotan euskararen ezagutzan jarri da foku nagusia eta premiazkoa da erabilera sustatuko duen paradigma berri bat bultzatzea. Gaur gaurkoz Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkor eta masiboena”.

Erabilerarentzat mesedegarri diren arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea da Euskaraldiaren helburua, eta Iciarren hitzetan “hori lortu du Euskaraldiak urte hauetan guztietan”. Hala, gero eta jende gehiagok ulertzen du “lehen hitza euskaraz” egitearen garrantzia, “elkarrizketa elebidunak” gero eta arruntagoak dira gure inguruan. Eta horrek guztiak, “Euskaraldiak, euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzea ahalbidetzen du” azpimarratu du Iciarrek. Hala ere, Euskaraldia “arnas luzeko” ekimena dela esan du Taupako lehendakariak, izan ere, “edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina, apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu”.

Euskaraldian izena ematearen garrantzia

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak aipatu duenez, “beti aipatu dugu Euskaraldia dela euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzeko jauzia emateko ariketa. Euskaraldiak, beraz, txapa jartzetik haratagoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…”, eta lehen pauso hori gaurtik aurrera eman beharko dute herritarrek, Euskaraldian izena emanda.

Dena dela, izena ematea “oso-oso modu errazean” egin daitekeela berretsi du Urkijok, www.euskaraldia.eus webgunean bertan dagoen formularioa beteta.

Euskaraldiko koordinatzaileak gehitu du ariketarentzat oso garrantzitsua dela parte hartuko duten belarriprest eta ahobizi guztiek ematea izena, “hausnarketa baten osteko erabakia baita, ahobizi edo belarriprest izatea erabaki ostekoa, alegia”. Gainera, izen-emate horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte-hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea.

Txapen erabilera

Behin izena emanda aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute parte hartzaileek. Horretarako, batzordeak ibiliko dira buru-belarri txapak banatzen Euskal Herriko herri eta txoko guztietan. Euskaraldiko lantaldearen ustetan ezinbestekoa da ariketak irauten duen hamaika egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz.

Ahotan maiz darabilgun “estres linguistikoa” ezabatuko du txapak. Izan ere, estres linguistikoa da pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa. Txapa ikusita bai baitakigu aurrean dugunak euskaraz ulertzen duela, behinik behin. Hala, txapak mezu argia ematen dio aurrean duenari “nirekin egizu euskaraz!”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna