‘Famili On Egonaldia’, aste oso bat euskaraz

Martxoaren 15ean amaituko da izena emateko epea.

Otsailaren 21ean, ama-hizkuntzaren nazioarteko egunaren karietara, Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebeteko kideak Baionan elkartu ziren Famili’on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Babesle diren erakundeetako ordezkariak ere bertan izan ziren egitasmo berritzaileari sostengua erakusteko: Mathieu Berge Euroeskualdearen izenean, Joseba Erremundeguy Euskal Hirigune Elkargoaren izenean, Javi Arakama Nafarroako Gobernutik, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Johañe Etxebeste Euskal Kultur Erakundetik.

AEK-k esperientzia handia du ikastaldi eta barnetegiak antolatzen, eta Uda Lekuk, berriz, animazio bilguneetan eskola oporren garaian. Aspalditik zuten buruan egun batez biak elkartu eta familien egonaldi bat antolatzea. 2023 hastapenean, Plazara kolektibo sortu berriak iniziatiba hartu eta eragile horiek mahai-inguruan bildu zituen, oporrak familian pasatu ahal izatea eta euskara ikasten segitzea uztartuko lituzkeen egonaldia sortzeko.

Egonaldia

Goizean, helduak euskara klaseetan dauden bitartean, haurrak jolasten ibiliko dira egonaldi berri honetan. Arratsaldean, berriz, guraso-haur aktibitateak proposatuko dira eta arrats batzuetan, publiko zabalari irekitako animazioak. Helburu nagusia parte-hartzaileen euskara maila hobetzea da eta familien hizkuntza ohiturak aldatzea, baina baita Euskal Herriko xoko ezberdinak ezagutzea ere, euskararen eta euskal kulturaren bidez.

Gainera, aurten Ipar Euskal Herriko udaberriko oporrek bat egiten dute Hego Euskal Herriko Aste Santuko oporren bukaerarekin, Arabako San Prudentzio bestarekin eta maiatzaren 1eko zubiarekin. Ondorioz, edizio honetan Euskal Herri osoko familiek parte hartu ahal izango dute.

Ilusioz eraikitako egonaldia

Urtebete egon dira egitasmoa prestatzen eta bi formula ezberdin sortu dituzte: Aste bat barnetegian, bost egun eta lau gau Baigorri eta Lesaka artean, maila aitzinatua duten gurasoentzat (B1-B2); eta aste bat ikastaldian, bost egun eta gau bat pasatuz Arbona eta Orio artean, oinarrizko maila duten gurasoentzat (A2).

Lantalde profesionalek egonaldietarako prestatuko diren zentroetan hartuko dituzte parte-hartzaileak (Oronozia, Matxinbeltzenea, Arantzola, Txurruka). Gipuzkoa eta Bizkaiako Ebete kooperatibak familiako hizkuntza ohituren inguruan dituzten jakintzak partekatuko ditu eta Nafarroa Garaiko Dindaia Fundazioak euskarazko aisialdian duen esperientzia ekarriko dio proiektuari.

Talde txikiak lehenetsi dituztenez, aste bakoitzean 20 familiak parte hartu ahal izango dute, 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin. Aste bakoitzaren prezioa 300€ eta 650€ artekoa izango da, formularen eta seme-alaba kopuruaren arabera. Prezio horretan sartzen dira: apairuak, garraioa, lo tokia, jarduerak, klaseak, animazioak eta materiala.

Hilabete hauetan, Famili’on egonaldia antolatzen duten elkarteek elkar ezagutu dute, elkarrekin lan egiten ikasi dute eta etorkizuneko proiektu amankomunen inguruan amesten aritu dira. Lehen esperientzia hau berritu eta indartu nahiko lukete 2026an, Euskal Herri osoko familien arteko loturak (ber)eraikitzeko xedearekin. Bitartean, elkarte bakoitzak bere eguneroko lanetan segituko du euskarari etorkizun sendoa emateko.

Izena emateko epea martxoaren 15era arte egongo da irekita, ikastaldi@aek.eus helbidera idatzi beharko dute interesa dutenek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna