(argazkia: Iruñeko Udala)

‘2.100 urteko elkarbizitza’ programa aurkeztu dute Iruñearen sorreran funtsezkoak izan ziren gertaerak oroitzeko

2025eko martxotik 2026ko lehen seihilekora arte, hainbat jarduera kultural, etnografiko, didaktiko eta zientifiko egingo dira.

2.100 urte dira Gnaeus Pompeius Magnus jeneralak Iruña erromatarra sortu zuela, Pompelo, Erromaren zergapeko hiria, lehendik baskoiak bizi ziren herrixka batean. Halaber, aurten 600 urte dira Karlos III.a Noblea hil zela, eta hura izan zen Iruña modernoari bide eman ziona: 1425eko irailaren 8an zendu zen, Batasunaren Pribilegioa argitara eman eta justu bi urte beranduago. 2.100 urteko elkarbizitza leloari helduta, Iruñeko Udalak urteurren horien balioa azpimarratu nahi izan du, eta haien esanahia ideia bakar batean bildu: hiriaren historia askotariko sentimen, sinesmen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza etengabearen isla da.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Maider Beloki Kultura zinegotzi ordezkariak ekitaldi-programa bat aurkeztu dute urteurren horiekin lotuta: hil honen amaieran hasi eta 2026ko erdialdera arte iraungo du. Iruñearen historiari dagokion balioa eman eta historia horretan funtsezkoak izan diren bi gertakari azpimarratu nahi dituzte (erromatarrek hiria sortu zutenekoa eta hiri moderno bilakatu zenekoa), eta hiriaren nortasunaren bereizgarri bat nabarmendu nahi dute bereziki: elkarbizitzarako gaitasuna. Hiria ezagutarazteko ere balioko dute ospakizunek, bai eta hiri-marka eta bere buruaz egiten duen kontakizuna etorkizunera begira kanpoan zabaltzeko ere.

Askotariko jarduerak

Mota guztietako ikus-entzuleei zuzendutako jarduerak jaso dituzte programan: zientziaren arloko jarduerak ez ezik (historiografia, arkeologia, irakaskuntza, etab.), adierazpen herrikoiak, kulturalak, artistikoak eta etnografikoak jorratzen dituztenak ere izango dira. Besteak beste, unitate didaktiko bat prestatu dute Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan erabil dezaten datorren ikasturtetik aurrera. Halaber, Udalak jardunaldi estrategiko batzuk antolatuko ditu etorkizunean hiria nolakoa izango den hausnartzeko, eta sinposio zientifiko batek emanen dio amaiera programari, 2026ko udaberrian.

Hitzaldi zikloa

Martxoaren 26tik maiatzaren 20ra bitartean, Kondestablearen jauregian izango da zazpi hitzaldiko zikloa. Historian, euskal filologian, arkeologian, arkitekturan eta hirigintzan adituak izango dira hizlari, eta ibilbide zabala eskainiko dute baskoien kokalekuaren garaitik hasi eta Zabalguneen Iruña sortu zen arte. Hitzaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da. Hainbat gai jorratuko dituzte: ibilbide historiko bat egingo dute gure garaiaren aurreko (g.g.a) 75. urtean Pompelo sortu zutenetik XX. menderaino; emakumeek Iruñearen historian izan dute presentzia aztertuko dute, eta hiri-bilbearen bilakaera aletuko.

Bestetik, ospakizun herrikoiak hartuko dio tokia testuinguru historiko espezializatuaren lanketari, abuztutik irailera bitartean. Abuztuaren 5ean Harresien Jaialdia hasiko da, Udalak udarako antolatzen dituen jardueren barruan: Kukai dantza taldeak erromatarrek hiria sortu zutenetik 2.100 urte betetzen direla ospatzeko berariaz sortutako dantza-ikuskizuna eskainiko du.

Irailean Batasunaren Pribilegioari lotutako Erdi Aroko azoka eginen da ohi bezala, baina aurten berritu egingo dute: hiriak Aro Modernoan sartzeko eginiko pausoa izango du ardatz, eta horren arabera apainduko dute hiria, Fernando Hualde Nafarroako Erdi Aroko ikonografian adituaren aholkuei jarraikiz.

Urrian, berriz, iraganetik etorkizunera jauzi egin eta Irudika ezazu Iruñea 2050ean jardunaldiak izango dira. Denboran 25 urte aurrera egin eta hiriaren etorkizunaz hausnartuko dute, hainbat arlo aintzat hartuta: mugikortasuna, adimen artifiziala eta hiriaren bilakaera soziala, besteak beste.

Gainera, 2025aren amaieran hasi eta 2026aren lehen seihilekora arte, erakusketa handi bat jarriko dute ikusgai Zabalguneko Civivoxaren eraikin berrian: g.g.a. I. mendetik g.g.o. I. mendera bitartean hiria eta ingurua nolakoa zen erakutsiko dute.

Batasunaren Pribilegioari buruzko baliabide pedagogikoak ere jarriko dituzte eskuragarri; izan ere, urteurrenaren aitzakiarekin, unitate didaktiko bat prestatzen ari dira Karlos III.ari eta Batasunaren Pribilegioari buruz. 2025/2026ko ikasturtean ikasleek aukera izango dute historiaren zati hori hiru ikuspegitatik jorratzeko: hiriaren sinboloak, agirien zaintza eta akordioak erdiesteko prozedura.

Azkenik, udaberrian adituek hartuko dute lekukoa berriz ere: sinposio zientifiko bat egingo dute 2.100 urteko historiaren inguruan. Hiriko hiru unibertsitateek hartuko dute parte, eta material espezifikoa argitaratuko dute sinposio horretako informazioarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna