Bat bateko hamalau talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatuta egon da.
Gasteizen eman zaio amaiera aurtengo Arabako Kuadrillartekoari, finala eta jai eguna izan da. Taldeetako parte hartzaileak eta taldeetako lagunak lau talde finalisten bertsoaldiak plazaz plaza entzuteko prest gerturatu dira hiriburura. “Egun polit bat bertso eskola eta eskualde ezberdinetako kideek elkarrekin pasatzeko aitzakia, Kuadrillartekoa”, adierazi du Bertsozalek.
Eskibel jauregiko plazan, euskaldun berriaren plazan hasi dira agurrarekin finalaurrekoa kantatzera zetozen lau taldeak, Lautadako 4 gara, Gasteizko Pinto pintto, Aiaraldeko Altubepekoak eta Gorbeialdeko Arlobiko bardoak. Talde bakoitzak beretik zekarrena emateko asmoz.
Hainbat plaza eta bertso lan burutu ostean epaileen erabakiz Arlobiko bardoak eta Pinto pintto taldeak izan dira bazkalosteko finalera pasa direnak.
Bazkalostean eman zaio hasiera final handiari. “Bertsolariak jangelara sartu aurretik, kuadrillartekoaren sintonia eta 110 bat lagun saioko ale ederrak entzuteko gogoz. Dena prest final handirako, Eli Plazaola aurkezlearen ahotsak entzun orduko bertaratu dira bederatzi bertso lagunak, Arlobiko bardoak eta Pinto pintto taldeetako kideak”.
Pinto pintto taldeko Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Xabier Antia, Paula Amilbiru eta Amaia Iturriotz izan dira kantuan aritutakoak. Gorbeialdeko taldekoak, berriz, Irati Anda, Manu Bendala, Gari Sarriugarte eta Aitor Jimenez. Gai-jartzaile gisa Irati Martinez eta epaitzen Ekaitz Elorriaga, Ainhoa Aizpurua, Maria Izaga, Egoitz Iradier eta Endinka Jimenez izan dira.
Zortziko handian eman diote hasiera saioari, “ale ederrak entzun ditugu robotak bihurtutakoez eta lagun zaharrez. Makrokontzertuetaz aritu dira hamarreko txikian Eli eta Manu. Seiko motzean, ilargiaren eta eguzkiaren paperetik Xabi eta Gari. Ipuinak josten aritu dira ondoren eta azkenik ganbarako lanetan, arnesa, soka eta bizi asegurua hartuta 40. urtebetetze ospakizunean murgilduta ibili dira bertsolariek, pasadizo ezberdinak ekarri dituzte hauek gogora. Ganbarako bigarren lanean segidillan trebatu dira partaide denak”.
Azkenik, finalean aritu diren parte hartzaileek saria ere jaso dute, “Unai Gaztelumendik egindako taldeko karikaturak izan dituzte oroigarritzat eta talde sari gisa izpuliku landarea, Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako loratuko direla kimu berriak islatuz”.