Artearen inguruko 80 bat pertsonak Amarika elkartea sortu zuten otsailean eta aretoa ixteak egungo artearen esperimentaziorako eta hedapenerako finkatutako espazio bat galtzea ekarriko lukeela adierazi zuten.
Joan den otsailean Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Amarika aretoa itxi eta bertan, Arabako Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa irekitzeko asmoa azaldu zuen. Erabaki horren kontra, artearen inguruko 80 bat pertsonak Amarika elkartea sortu zuten eta aretoa ixteak egungo artearen esperimentaziorako eta hedapenerako finkatutako espazio bat galtzea ekarriko lukeela adierazi zuten momentu hartan.
Orain, presioaren ondorioz, Aldundiak atzera egin du eta erakusketa aretoa izaten jarraituko dela adierazi die Amarika Elkarteko kideei. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuaren arabera, “Kultura Sailak beti entzun du Arabako kultura sektorea, modu aktiboan eta etengabe. Sarritan bildu gara kulturarekin lotutako artistekin eta profesionalekin, gure nahia Arabako kultura arloko beharrei erantzutea baita. Entzute horretatik sortu zen Kultura Plana, eta, entzute aktibo horren ondorioz, beharrezkotzat jotzen da Amarika Aretoak kulturgunea izaten jarraitzea”.
Alabaina, foru diputatuak adierazi du Amarika Aretoko proiektua hobetu egin behar dela etorkizunari begira. “Aretorako alternatiba bat edo hura biziberritzeko proiektu bat behar dugu oraindik ere, eta Kultura Planean helduko diogu gai horri”.
Eragile kulturalen, espazioen eta publikoen artean sinergiak sortzen dituzten aukerak sortzearekin, koordinazioarekin eta parte hartzearekin konprometituta jarraitzen dutela esan du Del Valek, eta, “gauzak egiteko gure modua izan denez beti, tematuta gaude etengabeko elkarrizketa horri eusten, gure lurraldeko kulturarako proiekturik onena lortzeko”, gaineratu du.
Arte garaikidea garatzeko funtsezko zentroa
Amarika aretoa 1989an sortu zen, eta funtsezkoa izan da Gasteizen eta Araban arte garaikidea garatzeko. Hiru hamarkada baino gehiagotan zehar, erakusketak, eztabaidak eta proiektuak hartu ditu, sorkuntza artistikoa hiriaren pentsamendu kulturalaren erdigunean kokatuz.
Ireki zenetik, Amarika Aretoak Euskal herriko eta kanpoko artistak programazio independentea duen espazio instituzional batera sartzea erraztu du. Amarika Elkartearen arabera, “aitzindaria izan da lengoaia artistikoak aurkezten, hala nola performancea, bideogintza eta instalazioak, eta Arabako arte eskaintza publikoan integratu ditu. Gainera, artistentzako baldintza duinak bermatu ditu, lan eredu profesionalizatuak sustatuz eta laguntza horiek urriak ziren testuinguruetan kultur ekoizpena bultzatuz”.