Xabier Morras, Vanesa Fernandez, Gregorio Diaz Ereño, Andoni Aldekoa, Jaione Apalategi, Oskar Alegria eta Lourdes Fernandez (argazkia: Oteiza Fundazioa)

Oskar Alegriak ‘Oteiza 14 apostolu’ pelikula filmatzen hasiko da

Ikus-entzunezko pieza honetan, kultur giroko hainbat arlotatik datozen hamalau lagunek parte hartuko dute.

Oteiza Fundazioak eta EITBk lankidetza-hitzarmena sinatu dute Oskar Alegriaren Oteiza 14 apostolu lana ekoizteko. Oteizari buruzko ikus-entzunezko pieza honetan kultur giroko hainbat arlotatik datozen hamalau lagunek parte hartuko dute. Bertan, Orioko sortzailearen obrari eta pentsamendu estetikoari lotutako diziplina artistikoen eta interes kulturalen aniztasuna irudikatuko dute. Bi erakundeak pozik agertu dira etorkizunerako ekimenei atea irekitzen dien lehen lankidetza honekin.

Danok Oteiza programaren barruan kokatzen da egitasmoa. Oteiza Fundazioak sustatu du, Jorge Oteizaren pentsamendua eta figura gizartean hurbiltzeko eta zabaltzeko komunitate ireki eta parte-hartzaileak, alegia. EITBk, sinatutako hitzarmena dela medio, bat egin du ekimenarekin eta Oteiza, 14 apostolu eskaini eta zabalduko du, ETBn, eitb.eus-en eta baita Primeran plataforman ere.

Errealizazio-fasean dago lana eta 30 minutu inguruko iraupena izango du, nahiz eta kapitulu bakoitza pieza bat bezala pentsatuta dagoen. Friso moduan, parte-hartzaile bakoitzak Alegriak proposatutako Oteizaren iruditeriari lotutako kontzeptu bat interpretatzen edo aipatzen du, multzo erritmiko eta artikulatu bat osatuko duen partitura ireki batean. Lehen fase honetan, grabazio batzuk egin dira: Esther Ferrer artistarena (isiltasuna eta hutsunea); Ignacio Agüero idazle eta zinema zuzendari txiletarrarena (Oteiza eta Huidobro); Alicia Otaegi artistarena (Oteiza eta maskara); Josu Iztueta abenturazalearena (apostoluak eta Arantzazuko mendiak); Amorante musikariarena (apostoluen doinua) eta Alegria berarena (Oteiza eta ipar-mendebaldea).

Alegriak hainbat film zuzendu ditu, nazioarteko lehiaketetan ere aitortza ugari jaso dituzten lanak dira denak: hala nola Emak bakia (2012), Zumiriki (2019) eta Zinzindurrunkarratz (2023). Horrez gain, Oteiza al margen. Notas manuscritas sobre cine y arte (2017) monografia argitaratu zuen, Jorge Oteiza Museo Fundazioaren eta Punto de Vista Zinemaldiaren eskutik.

Bestalde, laster, frisoan parte hartuko dute Bertha Bermudez dantza garaikideko ikertzaileak eta Jaione Apalategi Oteiza Fundazioko lehendakariak. Jorge Oteizak keinuarekin eta euskararekin duen harremanari buruzko “apostolutza” egingo dute, hurrenez hurren.

Ekainaren amaierara arte, hau da, pieza hau amaitzen den denboran, gainerako grabazioak egingo dituzte Euskal Herriko, Japoniako, Parisko, Txileko eta New Yorkeko hainbat agertokitan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna