Kneecap Belfasteko hip hop hirukote bat da. Gaelikoz kantatzen dute. Gaur egungo Irlandan kokatutako filma da. Musika, drogak, hizkuntza, nortasuna eta beste bitxikeria asko nahasten ditu filmak.
Irlandan 80.000 irlandar hiztun daude, 6.000 Ipar Irlandan bizi dira eta horietako hiruk dena hankaz gora jarriko dute Kneecap izeneko rap hirukotea osatzean. Anarkikoak, basatiak eta edozertarako prest daude ama-hizkuntza salbatzeko.
Rich Peppiatt zuzendari eta gidoilariak Belfasteko taldearen istorioa kontatzen du film honetan. Komedia ganberroa eta autobiografikoa da, gai asko jorratzen dituena, batzuk, gainera, hurbilekoak egingo zaizkigu Euskal Herrian. Protagonistak Belfasteko hiru gazte dira, bi kaleko mutikoak dira eta bestea gaeliko irakaslea eta baita musika sortzailea ere.
Protagonistetako bat gaelikoaren aldeko pintada bat egiteagatik atxilotuko dute eta galdeketa-gelan dagoela, uko egingo dio ingelesez adierazpenak egiteari. Bertan, gaeliko irakaslea ezagutuko du. Ondoren, Kneecap taldea sortuko dute hiru protagonistek.
“Kaleko musika garaikidea, drogak, umorea, gaeliko eta Irlandako nortasuna dario filmari. Hizkuntzaren aldeko borroka bitxia egiten dute protagonistek. IRAren osteko belaunaldikoak dira, bere gaitz eta aldekotasun guztiekin. West Belfasteko istorio bat, XXI. mendean kokatua. Musika, drogak, pub irlandarrak eta zahar kutsua duen orori kritika gupidagabea da”, kontatu du Patxi Gaztelumendi kazetariak. Bera da pelikula euskarara azpitituluekin ekartzeko ardura hartu duen euskaltzaleetako bat. Auzolanean egin dute eta buru-belarri ari dira filmak ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan. Izan ere, Gaztelumendirentzat “filmak sekulako potentzialitatea du Euskal Herrirako, euskarazko azpitituluak auzolanean itzuli ditugu, sarean jarri eta hizkuntzaren aldeko eztabaida soziala bultzatu nahiko genuke ekimen honekin. Musika, hizkuntza, drogak, kultura eta nazio nortasunari buruz mintzatzeko”, adierazi du.
Kneecap filma euskaraz ikusteko aukerak
Azpitituluak.eus webgunera sareratu dute filmaren srt artxiboa. Horrez gain, Filminekin harremanetan jarri dira eta “oso abegikor”, pelikula azpitituluekin jarri dute beraien plataforman. “Sekulako aukerak eman dizkigu horrek”, dio larrabetzuarrak.
Orain, Pantailaldia (maiatzaren 6tik 14ra) eta Euskaraldia (maiatzaren 15etik 25era) ate joka daudela, hizkuntzaren inguruan gogoeta egiteko horrelako pelikula bat azpitituluekin eskaintzea “aukera itzela” dela uste du lantaldeak. Bilbon aurkeztuko dute maiatzaren 6an, eta hortik aurrera, Euskal Herri osoan zehar proiektatuko dute.