Uztailera bitartean, arte eszenikoetako 14 ikuskizun eta 12 kontzertu izango dira.
Maiatzetik uztailera bitartean, kalea izango da Getxoko kultura agertokirik nabarmenetako bat. Kultura kalean bertan ezagutarazteko eta mota guztietako ikus-entzuleei kultura eskuratzeko aukera errazte aldera, Getxo Kulturak iaz abian jarritako programak antolatu ditu. “Ekimen horiek 2025ean berriro ere itzuliko dira Getxora herritarrei askotariko ikuskizunak eta musika-emanaldiak eskaintzeko. Hala, hiru hilabetez, arte eszenikoen proposamen zabala izango da Areetako Geltokia plazan larunbatetan, Getxo Eszena Kalean programaren eskutik. Bestalde, Kristalezko kioskoa musika zikloak Muxikebarri kanpoaldera eramango ditu igandetan estilo eta genero askotako euskal artista eta taldeen emanaldiak”. Sarrera doakoa izango da emanaldi guztietan.
Euskal Herriko eta kanpoko konpainiek 14 ekoizpen eskainiko dituzte aurten Getxo Eszena Kalean jaialdian, publikoa antzerkia, dantza, zirkua eta musika bezalako diziplinetara hurbiltzeko. Saio guztiak 18:30ean izango dira, bi izan ezik, 19:30ean (maiatzaren 3an) eta 20:30ean (maiatzaren 10ean).
Aurtengo egitaraua proposamen bikoitz batekin hasiko da maiatzaren 3an. Lehenengoa, Zurrunka konpainiaren Bira Kolore testurik gabeko pieza da eta, horren ondoren H hasiko da (19:30), iaz Feten azokan Kaleko Lan Onenaren saria jaso zuen La Corcoles zirku-ikuskizuna, hain zuzen ere.
Hurrengo larunbatean, hilak 10, Plazaren txanda izango da (20:30). Antzerki obra honek La Pez zigilua du, lengoaien fusioa, publikoarekiko hurbiltasuna eta inprobisazioa ezaugarri nagusiak dituela. Hilaren 17an, Finito-infinito ikuskizuna izango da, Trotamundos taldearen eskutik, eta maiatzaren 24an eta 31n, hurrenez hurren, Oh-Pera! zirku lana eta Trapu Zaharra konpainia historikoaren azken muntaia, La última y nos vamos lanarekin publikoari umorez agur esango diona.
Ekainaren 7an, Sinkroniak: Inperfektu, Play & the Trip lanak Getxoko InPut konpainiaren dantza ekarriko du, hiru pieza garaikideren bitartez. Hilaren 14an, berriz, Tio Teronen Semeak Getxora iritsiko da Haurreskolari dantza eta umorea uztartzen dituen ikuskizunarekin. Hurrengo astean, hilaren 21ean, Hika Teatrok Atearen bestaldean antzezlana taularatuko du. Azkenik, ekaineko programari amaiera emateko, Alberto Velascok folklorea eta modernitatea uztartzen dituen Mugi mendiak dantza lana aurkeztuko du.
Egitarauak uztailaren 5ean izango du jarraipena Nazioarteko 48. Jazzaldiarekin. Kukai Dantzak, bere aldetik, Euskorleans kalejira dibertigarria egingo du, euskal dantzak eta dixie erritmoak uztartuz. Hilaren 12an, Claudette-ren txanda izango da, iaz Leioako Umore Azokan saritutako Balancetoi eta Maleta konpainien zirku lana, hain zuzen ere. Uztailaren 19an Markeliñek Artilusio taularatuko du, irakurketara hurbiltzen gaituen antzezlana. Azkenik, zikloa Goitiberaren Eraitsi S.L. komediarekin amaituko da.
Kristalezko kioskoa
Kristalezko Kioskoa musika zikloaren bigarren edizioan, bestalde, 12 emanaldi eskainiko dira, euskal artista eta taldeen eskutik. Emanaldi horiek Muxikebarri aurrean eskainiko dituzte igandeetan, 13:30ean, eta pop, rock, indie, cumbia, funk eta blues soinuak izango dira nagusi, besteak beste.
Maiatzaren 4an emango diote hasiera zikloari Bwatzabal Band rockaren klasikoekin. Hilaren 11n La Tokokeraren txanda izango da. Hilaren 18an, Garbayo indie eta power poparen erritmoekin iritsiko da, eta, azkenik, maiatzaren 25ean, Lala Perezek itxiko du hileko egitaraua, Willy Perez Larrauri indie sondioei eskainia buru duen bandak.
Zikloak bost emanaldi izango ditu ekainean. Hilaren 1ean, esaterako, The Last Hiden Fox taldea Getxon izango da. Ekainaren 8an, Ekhi Lambert kantautoreak folk doinuak zabaltzeko asmoz igoko da oholtzara, eta, ekainaren 15ean, Markos Untzetak country doinuak joko ditu euskaraz. Mikel Urretagoiena Triok jazz garaikidea eta euskal musika tradizionala uztartuko ditu 22an eta hilabetea The Cherry Boppers taldearen eskutik amaituko da, jazz funk doinuekin.
Getxo Jazzarekin bat eginez, uztailaren 6an Ainara Ortega & abeslariak eta Joaquin Chacon gitarristak jazz intimistako errepertorio bat joko dute. Hilaren 13an, Lorelei Green eta bere rock inguratzaile soinu zainduen txanda izango da eta, azkenik, 20an, zikloa datorren urtera arte agurtuko da Jon Gurrutxaga & Urbil Artolaren eta bere blues rock soinuen eskutik.