Epaimahaiaren arabera, Esnaolaren LUUR, Nestor Basterretxearen oroimenez obra sinfonikoa “euskal kultur ondarea biziberritzeko ekarpen interesgarria da, folklore autoktonoaren elementuak berrinterpretatuz, ikuspegi eraldatzaile eta berritu batetik”.
Jon Esnaola Agirre (Tolosa, 2000) konpositorearen LUUR, Nestor Basterretxearen oroimenez musika-proiektuak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2025 irabazi du. Epaimahaiak “obrak bikaintasun artistiko eta teknikoa, euskal kulturarekin eta ondarearekin duen konpromiso garrantzitsua eta, aldi berean, erreferente artistiko handiekin hitz egiteko gaitasun nabarmena” azpimarratu ditu. “Horri gehitu behar zaio kanpoko proiekzioa duten euskal sortzaileen belaunaldi berriaren begirada garaikidea eta pertsonala”.
Eusko Ikaskuntzak azaldu duenez, “Nestor Basterretxea eskultorearen omenez sortu zen obra, kultura garaikidearen oinarrizko figura gisa, eta euskal nortasunean sakonki errotutako artearen bilaketan inspiratuta, LUURek folklore autoktonoaren elementuak jaso eta berrinterpretatzen ditu, ikuspegi abangoardista eta berritu batetik”. Horrela, konpositoreak egungo lengoaia artistikoek kultur ondarearekin modu bizian, eguneratuan eta eraldatzailean hitz egin dezaketela agertu nahi du.
Esnaolak borondate horrekin berarekin, aurretik hainbat lan konposatu ditu euskal eskultoreen irakurketetatik abiatuta: Eduardo Txillidaren Idazkiak eta Jorge Oteizaren Quousque tandem…!, edo Gravitaciones, Euskal Ahaide Kosmogonikoak, Luz Oscura eta Atauts, besteak beste.
LUUR, gainera, natura defendatzeko eta babesteko kantua eta deia dela azpimarratu du Eusko Ikaskuntzak, “alde horretatik, obrak oinarri ekologista nabarmena du”.
76 interpreterentzat idatzia eta hamar minutu inguruko iraupenarekin, LUUR datorren udan estreinatuko du Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO), Unai Urrechoren zuzendaritzapean. Donostia, Bilbo eta Gasteizko entzunaretoetan, besteak beste, entzun ahal izango da lana.
Esnaola azken konposizio-urtea egiten ari da Musikenen, baina, 24 urte izanik, aurretik, bi aldiz jaso du Euskadiko Musikari Gazteen Lehen Saria, Italy Percussive Arts Society saria eta Madrilgo Zarzuela Antzokiaren Konposizio Saria. Era berean, Musikagileak, Euskal Herriko Musikagileen Elkarteko zuzendaritza batzordean parte hartzeak euskal kultura eta musikarekiko konpromiso aktiboa erakusten du.