Iruñeko Udal Musika Eskolak ikasle berriek 2025-2026ko ikasturterako izena emateko epea ireki du

Maiatzaren 16ra arte egongo da izena emateko aukera zabalik.

Iruñeko Udal Musika Eskola Bereziak gaur, apirilak 28, ireki du ikasle berriek 2025-2026ko ikasturterako izena emateko epea. Eskola honen bidez, musika ikasketa ez-arautuak eskaintzen zaizkie 7 urtetik gorako haurrei, gazteei eta helduei, betiere behin-behinean izena eman aurretik Iruñean erroldatuta badaude. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “ez da beharrezkoa aurretik musika ezagutzak izatea”. Halaber, Udal Musika Eskolak Kontserbatorioko Gradu Profesionalean sartzeko probetarako prestakuntza eskaintzen du.

Irakasgai hauek hartzen ditu barne hezkuntza-eskaintzak: musika-hizkuntza eta 23 instrumentu: akordeoia, bonbardinoa, kantua, klarinetea, kontrabaxua, fagota, flauta, gitarra, oboea, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, txistua, biola, bibolina, biolontxeloa, bai eta gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa eta bateria ere.

Interesa dutenek maiatzaren 16ra arte izango dute izena emateko epea zabalik 010 – 948 420 100 herritarrentzako arreta-telefonora deituta edota www.pamplona.es/eu/musikaeskola webgunean. Sarrera-eskaerak ikaspostuak baino gehiago badira, zozketa egingo da.

Izen-ematea amaitutakoan, maiatzaren 21ean, asteazkena, behin-behineko zerrenda argitaratuko da ikaspostu hutsen zozketan parte hartzeko baldintzak betetzen dituztenekin, eta erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da maiatzaren 26ra arte. Ekainaren 17an, asteartea, ikaspostu hutsen zozketa egin eta onartutakoen zerrenda argitaratuko da. Ikasle berriak matrikulatzeko epea ekainaren 20tik 23ra egongo da irekita.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “zerrenda guztiak Eskolako webgunean iragarki-tauletan argitaratuko dira. Zozketan onartutako pertsonek bakarrik izango dute matrikula egiteko aukera, eta ikaspostu hutsak geldituz gero, itxaron-zerrendan daudenei horren berri emango zaie”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna