Maiatzaren 14ra arte iraungo du zikloak, eta arratsaldez egingo dituzte aurkezpenak, Karrikiri elkartean.
Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Udalak euskararen eta sorkuntza literarioaren inguruko hainbat jarduera antolatu dituzte elkarlanean. Zehazki, bost libururen aurkezpena egingo dute. Maiatzaren 14ra arte iraungo du zikloak, eta arratsaldez egingo dituzte aurkezpenak, Karrikiri elkartean (Xabier kalea 4, Alde Zaharra). Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Joan den ostegunean abiatu zen zikloa Irene Vallejoren Irakurketaren aldeko manifestua liburuaren aurkezpenarekin. Bigarrena, berriz, bihar, apirilak 29, izango da, 19:30ean eta Egile berrientzako literatura lehiaketa 2024 aurkeztuko dute, Egile berrientzako literatura lehiaketan saritutako lanen bilduma. Saria eskuratu duten egileek parte hartuko dute, eta beren lanei buruz hitz egingo dute. Uxue Reyk gidatuko du saioa.
Maiatzaren 13an, poesia izango da hirugarren saioaren protagonista. Pamiela argitaletxeak argitaratutako bi poema-liburu aurkeztuko dituzte: Iker Aranberri Sarasuaren Apurkinak eta Oihane Zuberoa Garmendiaren Baden Verboten. Antolatzaileen esanetan, “biek ala biek egilearen ikuspegi propioa azaleratzen dute, hausnarketa poetikoen eta irudi indartsuen bidez, eta ondo zaindutako hizkera darabilte biek, egunerokotasunaren eta norberaren baitako munduaren artean dantzan”. Liburuak aurkezteaz gain, bi egileek solasaldi bat egingo dute gaur egungo poesiaren inguruan.
Zikloari amaiera emateko, maiatzaren 14an Miren Agur Meabek bere azken lana aurkeztuko du: Amorante frantsesa. Idazle lekeitiarrak “pisu handia du euskal literaturan”. Meabe saioan izango da, eta helburua da testua sortzeko prozesuaz, gai nagusiez eta literatura estiloez hausnartzea.