Euskal kanta herrikoiaren transmisioa, belaunaldi arteko topaketak eta komunitatearen indartzea dira jarduera honen oinarri nagusiak.
Donostia Kulturak eta Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) elkarrekin antolatzen duten Lagunekin Kantari egitasmoak aurten ere hitzordu bereziak ekarriko ditu Intxaurrondo eta Larrotxeneko kultur etxeetara. Euskal kanta herrikoiaren transmisioa, belaunaldi arteko topaketak eta komunitatearen indartzea dira jarduera honen oinarri nagusiak.
Ekimen hau 2001ean sortutako Intxaurrondo Kantuz kantu ikastaroaren inguruan eraiki zen, eta urtebete geroago, 2002an, Lagunekin Kantari izeneko programa bihurtu zen, ikastaroaren osagarri eta amaiera modura.
2025eko edizioan, Esti Markez eta Patxi Saiz izango dira gonbidatu bereziak. Lehena maiatzaren 12an igoko da oholtzara eta bigarrena hilaren 19an.
Markezentzat musika bizitzeko modu bat da. Bere azken lana, Atenporal, bederatzi kantuz osatutako diskoa da. Bukaera eta hasierei, egunsenti eta iluntzeei buruzko lan honetan, kantautore gazteak estilo berrietara egin du jauzi, bere esentzia galdu gabe. Melodia goxo eta etenik gabeek denboraren erlatibotasunaz hitz egiten dute: amaiera bakoitza, hasiera berri bat da.
Saizek bere aldetik, Kantatzen duen herria gara izeneko azken diskoa aurkeztuko du Larrotxenen. Lan honetan, Getariako abeslariak bere ibilbidean zehar jorratu dituen gaiak jaso ditu: bizitza eta heriotza, herria eta deserria, euskara eta memoria historikoa. Emozioz beteriko kanta horiek herri baten oroimena kantuan gorpuzten dute.
Etxekoekin Kantari
Horiez gain, azken urteetako arrakasta ereduari jarraituz, Etxekoekin Kantari saioa izango da eta Donostiako kanta taldeetako kideek hartuko dute parte. Ohiko ikusleak, oraingoan, eszenatokira igoko dira, etxekoak etxekoentzat kantatzeko, auzoko kideen arteko harremana sendotuz.
Bestalde, Kantujira jarduerak ere egingo dira. Antolatzaileen esanetan, “auzoko kaleak kantuz blaitzen duen kalejira izango da Kantujira”. Parte-hartze irekia duen ekimen honek euskal kantagintza kalera aterako du, Intxaurrondoko kaleetan zehar giro bizia sortuz eta belaunaldiak elkartuz.