Ironia, nostalgia eta umore surrealista dira ipuin liburu honen osagai nagusiak.
Elkarren antzik ez duten zazpi narraziok osatzen dute Bertol Arrieta idazleak gaur aurkeztu duen Diesel ipuin liburu berria (Alberdania). Nahiz eta kontakizun guztietan agertzen diren bizitzarekiko eszeptizismo puntu bat erakusten duten gizabanakoak, heroitasunik batere gabeko egunerokoaren heroi arruntak dira, “diesel jendea”.
Arrietak azaldu duenez, “40 urtetik gora dituzte protagonista gehienek, bizitzaren bigarren erdian sartuta daude, biniloaren B aldea entzuten ari dira, eta badakite hasia dela gainbehera, gorputzarena, eta horrekin batera baita psikologikoa ere askotan”. Pertsonaien arteko erlazioak arrakalaz beteta daudela dio egileak, “sexu-harremanak inperfektuak dira, eta etorkizunari begi ertzetik begiratzen diote, batzuetan malenkoniaz, besteetan sarkasmoz”.
Pertsonaien tankeran, “ipuinak eurak ere diesel samarrak” direla nabarmendu du zarauztarrak: “azelerazio handirik gabeak, ezusteko bukaera borobilik gabeak, tragedia handirik gabeak. Ez dago, ordea, ezer ziurtzat jo daitekeena, eta behin eta berriz irekita geratzen dira bideak, eta bizitzaren kaosa izango da pertsonaiak beren tokian ipiniko dituena, ala alderantziz, dauden tokitik aterako, eta konturatuko dira bukaeran, ezer ezin dela amaitutzat eman, hasiera berri bat baino ez dela eguneroko dramatxo bakoitza, zorionez edo zoritxarrez”.
Idazleak dekadentziaren erretratua egin du ipuinotan, ironiaz batzuetan, nostalgiaz besteetan, umore surrealista samarrez sarritan.
Nabarmentzekoak dira zinema munduko hainbat eta hainbat erreferentzia esplizitu zein inplizitu, 2022an hildako Iñigo Salaberria bideo-artistari edota Aki Kaurismäki zinemagile finlandiarrari egindako omenaldi bana barne.
Idazleak Aritz Galarraga izan du alboan editore lanetan, bere hitzetan, “Arrieta ez da narraziogintzaren artean hasiberria. Berehalaxe igarriko dio liburu honi heltzen dion irakurleak. Lehen ipuinetik jada, kasik lehen lerrotik, harrapatuta sentituko da Arrietaren prosa leun, ustez lau, baina txinpartaz betearen aurrean. Gauza askorik pasatzen ez dela diruditen ipuinak, azalean bederen, baina azpi-korronte indartsuek zeharkatuak, puntako sismograforik finenak ere igarriko ez lituzkeen lurrikara isilak jasotzen dituztenak”.