Ahozko Literatura Saria jarri dute martxan aurtengo ediziorako.
Meatzaldeko Elez Lehiaketak 25 urte bete ditu aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu. Ahozko Literatura Sari Berezia da horietako bat. Honetan, eskualdeko euskaltegi eta ikastetxeetako ikasleek parte hartu ahal izango dute. Antolatzaileen arabera, parte hartzaileek “bost minutuko lanak aurkeztu beharko dituzte gehienez, gai eta formatu librean (podcasta, poesia, bakarrizketa…)”. Maiatzaren 13an izango dute lehiaketarako ideiak hartzeko parada, saioa izango baitute Benetan Zabiz? podcasteko Malen Altuna eta Aitziber Grados esatariekin, Muskizko Meatzari Aretoan.
Bitartean, Meatzaldeko AEKn betiko martxan ari dira gehienez mila hitzeko narrazio laburrak jasotzen (epea maiatzaren 14an bukatuko da). Izan ere, duela hilabete hasi zen edizio berezi honen programazioa: martxoaren 26an, Joseba Sarrionandia idazlearen bisita izan zuten, Ortuellako Kultur Etxean, Meatzaldeko Irakurzale Klubarekin batera prestatutako saioan.
Maiatzaren 14an, berriz, solasaldi musikatua izango dute Gallartako Maren musikariaren eskutik, Abanto-Zierbenako Ekoetxean.
Azkenik, sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 5ean egingo dute, Trapagarango Olaso Jauregian. Bertan emango dira jakitera Argizaiola Sari Nagusia, Meatzaldeko Lehen eta Bigarren Sariak, Ikasleen Lehen eta Bigarren Sariak eta aurten sortutako Ahozko Literatura Sari Bereziaren irabazleen izenak. Jai giroan bukatzeko, Mikel Martinezek Hamalau antzezlana taularatuko du.