Emakume Sortzaileen Topaketa antolatu dute maiatzaren 10ean, Durangoko Plateruenan

Ekitaldia 11:00etan hasiko da eta mahai-inguruak, zuzenean egingo diren emanaldiak, erakusketak, proiekzioak eta tokiko emakume sortzaileek gidatutako dastaketak izango dira. Gainera, irekia izango da parte hartu nahi duten guztientzat, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. 

Zelako Kultur Ideiak kooperatibak Best Durango, Emakume Sortzaileen Topaketa, antolatu du larunbaterako, maiatzak 10, Plateruena Kultur Aterpean. Antolatzaileen esanetan, ekimenaren helburu nagusia da “tokiko emakume sortzaileen lana identifikatzea, ikusaraztea eta indartzea, kultura arloan genero berdintasuna sustatuz eta hainbat diziplinatako sortzaileen arteko lankidetza eta ikaskuntza partekatutako sare bat sortuz”. Ekitaldia irekia izango da parte hartu nahi duten guztientzat, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea.

Topaketak jardunaldi osoa hartuko du eta bi bloketan garatuko da. Goizean, Hitza izeneko espazioa izango da, hausnarketa eta elkarrizketa ardatz dituena. Programaren zati honetan, hainbat kultura- eta sormen-arlotan adituak diren emakumeek gidatutako mahai-inguruak eskainiko dira, hala nola literatura, antzerkia, musika, dantza, arte plastikoak, argazkilaritza, bertsolaritza, zirkua, ikus-entzunezkoak edo performancea. Mahai-inguru horiek batez ere emakumeei zuzenduta egongo dira, baina interesa duen edonori irekita, eta itzulpen zerbitzuak, streaming bidezko emanaldia eta familia kontziliazioa errazteko zaintza gune bat izango dituzte.

Goizean zehar bi mahai-inguru egingo dira, Karolina Suarezek gidatua. Lehenengoa, Txanpon baten truke izenekoa, 11:30ean hasiko da, eta Irati Bilbaok, Maite Lopezek eta Erika Lagomak parte hartuko dute. 13:00etan, bigarren mahai-ingurua egingo da, Txanponaren bi aldeak izenburupean, Marisa Barrenak, Arantza Arrazolak eta Maider G. Etxegibelek parte hartuta.

Arratsaldean, berriz, Ekintza blokea egingo da, publiko guztiarentzako irekia izango den proposamena. Honetan, tokiko emakume sortzaileek beren artea zuzenean partekatuko dute. Programazioan, 14:30ean, ondorio-saio bat egingo da, eta horren ostean 15:00etan mokadutxoa. 15:30ean, Berbak sare poesia errezitaldia hasiko da, eta 16:30ean, Garazi Magunagoitia artistak bakarrizketa eskainiko du. Jardunaldiari amaiera emateko, 17:00etan, Eukene abeslaria arituko da bere musika proposamenarekin.

Antolakuntzaren esanetan, “espazio honek esperientzia kultural irisgarria eta partekatua sortu nahi du, publikoa ingurune hurbileneko adierazpen sortzaileetara hurbilduz. Proiektuak tokiko sortzaileak identifikatzea, jarduerak antolatzea eta teknikoki ekoiztea, ekitaldia zabaltzea, zerbitzu osagarriak (itzulpengintza eta zaintza, besteak beste) eskaintzea eta prozesuaren memoria bat egitea aurreikusten du”. Gainera, Durango eskualdeko topaketan parte hartzen duten emakumeak udazkenean egiten den Bizkaiko probintziako topaketa handian parte hartzera gonbidatuko dira, sortutako kultur sareari jarraipena emanez.

Jesica Ruiz Durangoko Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, “Best ekitaldi bat baino gehiago da,  gure inguruko emakume sortzaileen talentua ikusarazteko, erreferenteak sortzeko eta kultura bidezkoagoa eta inklusiboagoa indartuko duten sareak ehuntzeko tresna bat alegia. Durango kultura inklusibo, eraldatzaile eta feministaren erreferentea da. Durangon, emakumeen parte-hartze aktiboa bultzatzen duten eta berdintasuna ikuspegi intersekzionaletik eta komunitariotik sustatzen duten ekimenen alde egiten dugu. Durangarrak ekitaldian parte hartzera animatzen ditugu”, amaitu du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna