Aurtengo katalogoak fikzioa, dokumentalaren forma desberdinak eta esperimentala jasotzen ditu.
Kimuak programaren 28. edizioaren deialdira aurkeztutako 41 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak 2025 urteko katalogoa osatzeko. Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen den programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik aurrera.
Aitor Oñederrak, Alejandra Trellesek eta Maria Juarezek osatu dute aurtengo balorazio eta hautaketa batzordea. 2025eko katalogoak fikzioa, dokumentalaren forma desberdinak eta esperimentala jasotzen ditu. Filmetako bi euskara hutsean eginak daude, beste bat euskaraz, gaztelaniaz eta marokoar darijaz, eta lauk gaztelania dute hizkuntza nagusi. Zazpi film laburretatik hiru emakumeek zuzendu dituzte eta beste bat talde misto batek egin du. Aukeratutako izenburuetako bi egileen lehen edo bigarren lanak dira.
Honako hauek dira hautatutako zazpi film laburrak: Aitor Abio durangarraren Dicen que tu padre; Lara Izagirre zornotzarraren El regalo; Ekaitz Bertiz zinemagile nafarraren Erreka zoko hortan; Ainhoa Ordoñez gasteiztarraren Habana industrial; Ricardo del Conde zinemagile, ekoizle eta programatzailearen Las manchas del jaguar; Harrotu Ileak taldearen Sueños de viernes; eta Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren Ultramarino.