Euskal literaturaren nazioartekotzea bultzatzeko asmoz, Etxeparek itzulpenak sustatzeko hiru diru-laguntza-lerro plazaratu ditu

Deialdi hauen bidez laguntza integrala eskainiko du, nazioartekotze-prozesuaren fase guztietan eraginez.

Euskal kulturaren nazioarteko zabalkunde eta proiekzioarekin duen konpromisoa berretsiz, Etxepare Euskal Institutuak hainbat laguntza-lerro plazaratu ditu euskal literaturaren itzulpena eta nazioarteko zirkulazioa sustatzeko helburuz. 2025ean 91.000 euro bideratuko ditu Institutuak, euskal letrei Euskal Herritik kanpo bide berriak irekitzeko ahaleginean idazle, itzultzaile, argitaletxe eta agente literarioei laguntzeko.

Hiru laguntza-lerro

Lehenengo laguntza-lerroak, AT! Itzulpena: literatura, euskarazko lan osoen itzulpena eta argitalpena ditu ardatz. 63.000 euroko aurrekontua du orotara, eta nazioartean euskal literatura lanak beste hizkuntza batzuetan argitaratu nahi dituzten argitaletxeei zuzenduta dago. Bi kasuistika jasotzen ditu: alde batetik, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako lanak beste edozein hizkuntzatara itzultzea; bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko egileek gaztelaniaz idatzitako eta argitaratutako lanak euskara ez den beste hizkuntza batera itzultzea.

Deialdia ekainaren 5era arte egongo da zabalik, eta nazioarteko katalogoetan euskal egileen presentzia areagotzea du helburu. Laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, deialdian jasotako irizpideei jarraituz, eta funtsak agortu arte. Proiektu bakoitzak gehienez 8.000 euro jasoko ditu, eta eskatzaile bakoitzak, gehienez, 12.500 euro.

Itzulpen eta edizio lanetan aritzen diren pertsona fisiko zein juridikoek eska dezakete. Gaztelaniarako itzulpenetan, argitaletxe eskatzaileak EAEtik kanpo kokatuta egon beharko du; bertan erroldatutako norbanakoek ere aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak, betiere lana kanpoko argitaletxe batean plazaratuko bada.

Lurralde frankofonoetan euskal kulturaren ikusgarritasuna sustatzea helburu duenÇa colle au basqueekimenaren baitan kokatzen da bigarrena. Deialdi espezifiko honek jatorriz euskaraz idatzitako lanen frantseserako itzulpena, argitalpena eta zabalkundea babesten du, eta Euskal Herriko nahiz atzerriko argitaletxeek, idazleek, itzultzaileek eta agente literarioek bultzatutako proiektuetara bideratuta dago. Urtero 20.000 euroko aurrekontua izango du, hiru urtez.

Hiru fase izango ditu prozesuak: lehenik, hautatutako pertsonek eremu frankofonoko argitaletxeak aztertuko dituzte; ondoren, lanaren lagin bat itzuliko da (beharrezkoa bada); eta azkenik, argitalpen-konpromisoa gauzatuko da argitaletxearekin. Lehen edizioa uztailaren 7ra arte egongo da zabalik. Hiru proiektu hautatuko dira, eta bakoitzak gehienez 9.000 euroko laguntza jasoko du.

AT! Itzulpena: literatura laginak da hirugarren lerroa eta euskaraz idatzitako lanen pasarte edo laginen ingelesezko edo frantsesezko itzulpenak egiteko balioko du. Helburua da idazle, itzultzaile, argitaletxe eta agenteei lan horiek nazioarteko editore potentzialei aurkezteko materiala prest edukitzen laguntzea.

Deialdia otsailaren 3tik dago irekita eta guztira 8.000 euroko aurrekontua du. Idazle, itzultzaile, argitaletxe eta agenteek eskatu dezakete. Itzuli beharreko laginek ezingo dute jatorrizko lanaren %15 gainditu, eta itzulpen bakoitzak 400 euro arteko laguntza jaso ahal izango du.

Deialdien inguruko informazio guztia eta oinarriak eskuragarri daude Etxepare Euskal Institutuaren webgunean: www.etxepare.eus.

Zabaldu:

Utzi erantzuna