Zientziak, arteak eta letretako 24 emakume izeneko erakusketa ibiltariak etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea eta jakintzaren arlo nagusietan emakumeek egindako lana nabarmentzea ditu helburu. Maiatzaren 29ra arte egongo da ikusgai, Durangoko Ezkurdi plazan.
Emakumeek gizartearen garapenerako funtsezkoak diren arloetan egiten duten lana ikusarazteko asmoz Zientziak, arteak eta letretako 24 emakume izeneko erakusketa ibiltaria paratu dute Durangoko Ezkurdi plazan maiatzaren 29ra arte. Antolatzaileen esanetan, erakusketak “gazte nahiz helduentzat inspirazio iturri” izan nahi du, “estereotipoak apurtuz”.
Marina Palaciok egindako argazki eta bideoen bidez, beren ibilbidean bikain aritu diren 24 emakume akademiko ageri dira erakusketan. “Adin eta esperientzia ezberdineko emakumeak daude ordezkatuta, ibilbide luzea duten profesionalak zein beren diziplinetan aitzindari diren gazteak”.
Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiak (Jakiunde) 2022 eta 2023 urteetarako argitaratutako egutegietatik jaso dituzte hautatutako irudiak, eta bertako protagonistak ausaz hautatuak izan ziren. Gaur egun, Jakiundek 115 kide ditu, horietatik 35 emakumezkoak eta 80 gizonezkoak.
Erakusketa doan ikusteko aukera izango da Ezkurdi plazan. “Aukera paregabea izango da emakumeen ekarpena aitortzeko, hausnarketa sustatzeko eta aukera berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde urratsak emateko”, adierazi dute antolatzaileek.