Berdeari itsu izeneko erakusketak herritarren axolagabekeriaren aurrean hirian bizirauten duten landareen 53 marrazki biltzen ditu.
Nahiz eta herritarrok ez ohartu, landareak hiriko txoko askotan daude: lauzen artean, balkoietan, zoko galduetan, baita parkeetan ere; baina azkarregi bizi gara, gutxitan begiesten dugu gure ingurua, eta ez dugu ingurumenaz gozatzen. Wandersee eta E.E. Schussler biologia irakasleek 1999an jada esan zuten “berdeari itsu” bizi garela, eta horri aurre egiteko xedez, Virginia Santos Itoiz artista iruindarrak izen bereko erakusketa sortu du; artistak hausnarketa eta gizon-emakumeen eta naturaren arteko bizikidetza bultzatzen ditu erakusketaren bidez.
Berdeari itsu erakusketak paperaren gainean grafitoz egindako 53 marrazki biltzen ditu. Gehienak, 29, zuri-beltzezko marrazki handiak dira (1×1 metrokoak, 4 metro guztira). Santos Itoizek azaldu duenez, propio kendu die kolorea landareei. “Natura kolorearen eta bizitzaren isla da, baina erakusketak tonu txuri, beltz eta grisekin irudikatzen du natura hori, gizakion garunak kolore berdea eta landareen izaera hautemateko gaitasuna galdu balu bezala”.
Obra handi horiek Bolborategiko hormetan jarri dituzte ikusgai, eta modu linealean antolatu dituzte ikuslea erakusketan murgildu dadin. Artistak pikor xeheko Fabriano markako papera erabili du, eta hala, inguratzen gaituen naturaren hauskortasuna irudikatzen saiatu da, eta aldi berean, gizakiok lehengai naturalekiko dugun menpekotasuna islatzeko saiakera egin du. Artistak hiriko landareei egindako argazkiak izan dira marrazkien abiapuntua. Izan ere, argazki horiek oinarri hartuta konposizio propioak sortu ditu, eta landare batzuen tamaina aldatu du, baina haien egituraren eta ezaugarrien xehetasunak bere horretan mantendu ditu. Funtsean, zuhaixkak, adarrak, hostoak eta lore eta landareak uztartzen ditu artistak; osagai horiek guztiak, ordea, ez dira elkarrekin hazten, eta iruindarraren erabakia izan da landareak modu horretan irudikatzea. Erakusketak eskalekin jolasten du, eta herritarrak naturaren garrantziaz eta haren izateaz jabetzea du helburu.
Hogeita hamar bat marrazki horiez gain, tamaina txikiagoko (7×32,5 cm-ko) beste 24 biltzen ditu erakusketak; grafitoz eta akuarelaz egindako marrazkiak dira. “Landare-sorta bat da, eta kaiera botaniko bat balitz bezala, Bolborategiaren erdiko beira-arasetan jarri ditugu ikusgai; bertan, hormetako muralaren parte diren landareen berri jakiteko aukera dago, landareen izen arrunta, izen zientifikoa eta geolokalizazioa zein den ikus baitaiteke”. Landareen irudikapen errealista egin du Virginiak, eta kolorea eman die, naturan duten itxura islatzeko xedez.
Artistak azaldu duenez, “Berdeari itsu ibilaldi askoren eta hiri-inguruneko landareei ateratako argazkien fruitu da. Proiektua astiro gauzatzen joan da, landareen hazkuntza motelaren antzera”. Halaber, artistak nahierara uztartu ditu ibilaldietan aurkitutako natura-osagaiak.
Arbola lehiaketa
Erakusketa aurtengo Arbola lehiaketaren parte izango da; lehiaketa honek hiriko zuhaitzei eta landareei buruzko kultura aberastea izango du helburu, ekainean. Lehiaketa hasi aurretik, artistak ibilaldi batean parte hartuko du maiatzaren 22an, 17:00etan: Eduardo Barbak gidatuko du, eta ibilaldiari amaiera emateko, bisita gidatu bat egingo dute erakusketara. Bestalde, ekainaren 8an, 11.30ean, artistak erakusketari buruzko bisita-lantegi bat antolatu du erakusketaren aretoan bertan.
Berdeari itsu ekainaren 29ra arte bisitatu ahalko da Ziudadelako Bolborategian.