Lehiaketan parte hartu nahi dutenek irailaren 10era arte bidali ahal izango dituzte piezak eta aurkeztutakoen artean, epaimahaiak sei testu finalistak aukeratuko ditu.
Aurreko bi edizioetan izandako arrakastaren ondoren, Hika teatroak eta Lezoko udalak Antzerki Testu Laburren 3. Lehiaketa jarri dute martxan. Euskal dramaturgiari bultzada ematea da ekimenaren helburua, “euskal dramaturgo gazteei parte-hartze espazioa eskaini eta herritarrak antzerkira gerturatzeko asmoarekin antolatu dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek irailaren 10era arte bidali ahal izango dituzte piezak eta aurkeztutakoen artean, epaimahaiak sei testu finalistak aukeratuko ditu. Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendariak lehiaketaren xehetasunak azaltzeaz gain, urriaren 4an kale jaialdia izango dela iragarri du. Bertan, antzerki-testu finalistak irakurketa dramatizatuan aurkeztu eta ikuslegoak erabakiko du zein izango den 1.200 euroko saria irabaziko duen testu garailea.
Lezo Eszena ekimenaren baitan kokatzen da aurten ere lehiaketa eta gazteak erdigunean jarri nahi dira. Esaterako, antzezlanek bi pertsonaia izan behar dituzte gehienez, eta horietako bat gaztea izan beharko da, gainera, sei finalistetatik bi gutxienez 35 urtetik beherakoak izatea bermatuko du epaimahaiak.
Lezo Eszenaren programaren baitan, ordea, ez da Antzerki Testu Laburren lehiaketa bakarrik. Xanti Val Kultur Teknikariak azaldu duen moduan, egitasmo berri ugari antolatu dira aurten. Besteak beste, pasa den martxoaren 30ean, Ikusle Gazte Berria ekimenarekin dantza-ikuskizunetan ikusle gazteak gutxiago zirela antzeman eta Lezoko gazte bati bertaratzeko gonbidapena egin zitzaion. Maiatzaren 18an, Kamikaz Kolektiboko Renata ikuskizunaren aitzakian izango da aukera bigarren ikusle berria ezagutzeko.
Bestalde, aurtengo Lezo Eszena programak dramaturgiari lotutako formakuntza atala ireki berri du. Pasa den martxoan, Xabi Paya lehiaketaren lehenengo edizioko irabazleak gazteen artean idazketa dramatikoa bultzatzeko asmoz, Pasaia-Lezo Lizeoko Batxillergoko ikasleei dramaturgia tailer bat eskaini zien.
Modu berean, Jokin Oregik bigarren dramaturgia tailer bat eskainiko du datorren ekainaren 14an eta 21ean Lezoko kultur aretoan. Valek azaldu duenez, tailerra “irekia izango da, idazteko grina edo zaletasuna dagoen pertsona orori zuzenduta, profesional baten eskutik dramaturgiaren ezaugarriak eta aukerak ezagutzeko saioak izango dira”.
Bestalde, Gezala aretoari lotuta dauden Txalostean izeneko solasaldiak ere bere bidea egiten ari dira. Lehenengo lau hilabeteetan hamaika solasaldi burutuko dira dantza eta antzerki ikuskizunen artean.
Azkenik, Aitzol Saizar Lezoko Kultur Zinegotziak lehenengo eta bigarren edizioko testu finalistekin osatu dituzten bi liburuak aurkeztu ditu. Edizio bakoitzeko testu finalistak irakurgai daude Lezoko Udaleko webgunean, eta orain bi bildumak liburu formatuan argitaratu dituzte. Lehenengo bi urtetakoak eskuragarri daude jada Lezoko Udal Liburutegian eta Kultur Etxean. Liburuak Euskal Herriko antzerki akademietara eta eskualdeko ikastetxeetara bidaliko dituzte. Horren helburua antzerkiari ekarpena egitea da, euskarazko antzerki testuen bilduma bat eskainiz. Urte honetako testuekin ere osatuko dutela iragarri dte, lehiaketa amaitu ostean.