Sari banaketa ekitaldia ekainaren 3an, 18:30ean izango da, Bilboko Kafe Antzokian.
Zenbat Gara elkarteak eta Kanaldude Telebistak jasoko dituzte 2025eko Elkar Sariak. Lehenari Ibilbideari Elkar Saria emango diote eta bigarrenari, berriz, Proiektuari Elkar saria. Halaxe jakinarazi du gaur, ohar baten bidez, Elkar Fundazioak.
Zenbat Gara elkarteari dagokionez, pasa den mende amaieratik hona egindako ibilbideagatik eman nahi izan dio saria elkar Fundazioak.
1990eko hamarkada hasieran sortutako elkartea da, aurretik bilbotarrak euskalduntzen urteak zeramatzan Gabriel Aresti euskaltegiaren inguruan. 1995ean martxan jarri zuten Kafe Antzokia da haien proiekturik ezagunena nazio mailan, baina ez bakarra. Euskaltegiarekin eta Kafe Antzokiarekin batera, Zenbat Gararen ekimenak dira Bilbo Hiria Irratia, Algara konpartsa, Erroa argitaletxea eta haur eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak, behinenak aipatzearren
Euskaltegiaz harago, euskalduntzeari Bilbon falta zitzaiona bilatzea izan zen Zenbat Gararen abiaburua, euskaraz, modu naturalean harremantzeko guneak eta uneak sortzea.
Ondoren, oinarri soziolinguistiko sendoez hornituta, helburu handiagoak etorri ziren: Bilbon bizi den euskal komunitatea bildu eta trinkotzea; ikasleak eta ikasitakoak, hiztun guztiak, hiztun aktibo eta euskal sorkuntzaren hartzaile eta eragile bihurtzea.
Hala, euskaltegiaren bidez euskara ikasteko inguru bat eskaintzeaz gain, euskaldunekin harremantzeko aukera ere eskaintzen du elkarteak Kafe Antzokiaren edota Algara konpartsaren eskutik, azken batean euskaraz bizitzeko eremu seguruak eskaintzen zaizkio euskaldun orori, arnasguneak. Irratiaren bidez, Bilboko euskal komunitatearen tokiko berriak eta kultura agenda jasotzeko aukera dute hiriko hainbat auzotan sakabanatuta bizi diren euskaldunek. “Hori guztia egiten da euskal kulturaren bueltan, euskal kulturan murgiltzeko aukera sortuz eta euskal kulturari ikusgarritasuna emanez, Bilboko erdigunean, euskal kulturak bere burua erakustea erraza ez duen gune batean, inguruan euskaldun kopuru handia izan arren”.
Euskara ikasteko bideak jartzearekin batera, bere ekimenen bidez eta bere programazioaren bidez euskaraz bizitzeko eta euskal kulturan murgiltzeko aukerak zabaltzen ditu Zenbat Gara elkartearen jardunak, eta hori garrantzi handikoa dela dio Fundazioak. “Lan handia egin du urteotan, ez da zalantzarik, eta haien ekarpen hori izan gabe euskararen egoera eta euskal kulturaren presentzia ez zen berdina izango ez Bilbon ez inguruan. Bilbok bezala, Euskal Herriak nabaritu du Zenbat Gara elkartearen ekarpena, eta guk ekarpen hori nabarmendu nahi dugu sari honen bidez”.
Proiektuari Elkar saria
Joseba Jaka bekaren bidez sormenerako laguntza ematen den bezala, Proiektuari Elkar sariak euskal kulturarako interesgarri izan daitekeen kultur egitasmo bat laguntzea du helburu.
2025eko saria Kanaldude telebistari ematea erabaki du Fundazioak. “Orain arteko bidean jarrai dezan opa diogu, eta izan dadila sari hau nolabaiteko laguntza aurrera begirako erronkei eusteko”.
1997an sortu zen Aldude ibarrean tokiko telebista gisa, eta ordutik ibilbide luzea egin du. Gaur egun telebista zabala da, Iparraldean hedatua eta Internet bidez edonon ikus daitekeena; hainbat operadoreren eskaintzaren bidez ere zabaltzen dute seinalea.
Elkarte moduan abiaturik, Aldudarrak Bideo Interes Kolektiboko Sozietate Kooperatiba bilakatu zen gerora (IKSK). Gaur egun, kooperatibak 29 bazkide fisiko edo juridiko ditu, telebista proiektuko parte-hartzaile gehienen ordezkari direnak. Eta hamar dira bertan lanean ari diren langileak. “Euskal kultur eragileek bezala, euskal hedabideek ere behar handiak dituzte euren proiektuei eusteko, eta Kanaldude ez da salbuespena. Urtez urte, euskarazko telebista eskaintza ingurura zabaltzeko helburuarekin, etengabe joan da Kanaldude egokitzen momentuko aukerak eta beharrak kontuan hartuta. Egindako lanari esker, gaur egun erreferentziazko telebista da Ipar Euskal Herriko euskaldunentzat, eta ezaguna Euskal Herri osokoentzat”.
Sari banaketa ekitaldia ekainaren 3an, 18:30ean izango da, Bilboko Kafe Antzokian.