(argazkia: Euskadiko Orkestra)

Euskadiko Orkestrak lehen haur kantata estreinatu du: ‘Logelan logale’

Leire Bilbaoren libretoarekin eta Jagoba Astiazaranen jatorrizko musikarekin, ‘Logelan logale’ Donostiako Kursaalean estreinatu dute. Gaur, maiatzak 15, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan izango da.

Urtebete baino gehiagoko lanaren ondoren, Euskadiko Orkestrak bere lehen haur kantata estreinatu du euskaraz, Musika Gela zikloko Eskola Kontzertuen baitan. “Kantata bat sortzea musika-ekitaldi garrantzitsua da, eragile asko biltzen dituena eta giza mobilizazio handia eskatzen duena”, adierazi dute.

Euskadiko Orkestrarekin batera, Logelan logalen 1.000 haurrez osatutako abesbatza handi bat aritu da. Abesbatzak, alde batetik, lau abesbatza pilotu izan ditu (Easo Gazte, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Pasaia Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasle-talde. Horiek guztiek Eva Ugalderen abesbatza-koordinazioa eta -zuzendaritza izan dute, eta ikastetxe parte-hartzaileetako irakasleek eta Amaia Zipitria pianojoleak osatu dute formakuntza-lantaldea.

Logelan logalek Maria Goiricelayak diseinatutako proposamen eszeniko bat du. Juanjo Oconek zuzendu du orkestra eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izan da protagonista ipuinaren narratiban, protagonistak lorik egin ezin duen fantasiazko gau batean gertatzen dena. Euskadiko Orkestrak lagundu dio eszenatokian, baita haur abesbatza handiak ere eszenatokiak zein besaulki-patioan.

Egitasmoa datozen urteetan jarraitzeko asmoz sortu da, eta Euskal Herriko haurren ahots-kantuaren historian mugarri garrantzitsua izango da. Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen laguntzari esker, kantata honek Euskal Herria kantutik egituratzeko balioko du.

Hala, 2025/26 Denboraldian, Euskadiko Orkestrak proiektu hau errepikatuko du, ikasle berriekin, bere Musika Gela zikloaren baitan. Gaur, esaterako, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan izango da.

Gainera, datorren denboraldian Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa sartuko dira proiektu honen garapenean. Orkestra horiek beste eszenatoki batzuetara eramango dute parte-hartze masiboko haurren proposamen koral hau.

Zabaldu:

Utzi erantzuna