Maiatzaren 24a, Donostiako La Bodeguilla tabernan egingo duten festa batekin amaituko da jaialdiaren ibilbidea.
Hamazazpi urteren ostean, Donostiako Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdia ez da berriro egingo, halaxe iragarri dute antolatzaileek komunikabideei helarazitako ohar baten bidez. “Agur esatea ez da lan erraza 17 urte igaro ondoren. Gure jaialdia amaitzen ari da; infinitua izango zela uste genuen, baina dena gertatzen da. Egunotan urte guzti hauek aztertzen aritu gara eta jaialdian egon diren pertsona guztiak gogoratu ditugu: familia, lagunak, lankideak, kultur eragileak, musikariak, artistak. Beste bizitza bat iruditzen zaigu, ia irreala”, adierazi du Eva Rivera Soler Dock of the Bay jaialdiaren zuzendariak.
Oharrean nabarmendu duenez, “emozio asko bizi izan ditugu jaialdiarekin. Urte hauetan guztietan egindako lanagatik harro sentitzen gara, eta eskerrak ematen dizkiegu gertu egon diren eta lagundu diguten pertsona guztiei. Halaber, zintzoak izan nahi dugu amaierarekin, eta ez dugu ondoeza alde batera utzi nahi. Urte hauetan areagotu egin da ezinegona, Dock of the Bay bezalako kultur ekimenekiko ardurarik ezak eraginda. Ez da erraza independentea izatea, jarraitutasunari eustea, urtez urte interesa sortzea eta jaialdi bat aurrera ateratzeko borroka egitea”.
Jaialdi hau familia artean egindako proposamen bat bezala hasi zela diote antolatzaileek, eta espiritu horri eutsi dio. “Filmak aurkeztera hurbildu diren pertsonak familia horretako kide izaten hasi dira, baita gertu egon den taldea ere, hunkitzen, beldurra sentitzen, zoriontsu izaten eta, orain, agur esaten ikusi gaituena”.
Hirian egoten jarraitzea espero du Riverak, “kulturaren balioan sinesten jarraitzea, ahots propioa izateko borroka egitea eta Dock of the Bay guztion bihotzetan geratzea”.
Jaialdiari merezitako agurra emateko, festa bat antolatu dute maiatzaren 24an, 19.00tan, Donostiako La Bodeguilla tabernan.