(argazkia: BFA)

Bertsolaritzaren bidez, adinekoen memoria eta ongizate emozionala sustatzeko ekimena abian da, Bizkaian

Adinekoak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzea du helburu Bertso Ardatz ekimenak.

Lehen edizioak izan zuen arrakastaren ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak eta adinekoentzako udal-egoitzek Bertso Ardatz kultura-ekimena jarri dute abian aurten ere. Bertsolaritzaren bidez egoiliarren memoria, adierazpen emozionala eta gaitasun kognitiboak sustatzea du helburu egitasmoak.

Hala, bertsoen bidez, bertsolariek eta egoiliarrek oroitzapenak, bizipenak eta anekdotak partekatzen dituzte saioetan. “Esperientziak erakutsi du oso onuragarria dela, bai burua aktibo mantentzeko, bai parte hartzen dutenen lotura sozialak eta emozionalak indartzeko”, adierazi dute antolatzaileek.

Bigarren edizio honetan ere iaz proiektuan parte hartu zuten zentroak izango dira: Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Zornotza. Zikloa joan den astean hasi zen, Gernikan, eta egoitzaz egoitza ibiliko da uztailaren 7ra arte; Markinan amaituko da.

Egoitzetako dinamizatzaileek adineko pertsonekin batera lan egiten dute saio bakoitza egin baino lehen, bertso tradizionalen eta herri-kanten inguruan dituzten gustuak eta lehentasunak identifikatzeko. “Informazio hori bertsolariei helarazten zaie, eta, hala, saio pertsonalizatuagoak eta esanguratsuagoak prestatzeko aukera dute. Horri esker, indartu egiten da artisten eta parte-hartzaileen arteko lotura”, azaldu dute.

Entretenimendutik harago

Bertso Ardatzen onurak entretenimendutik harago doaz. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “jarduera horrek bizi-kalitatea eta osasun mentala hobetzen laguntzen du, baita bakardadeari eta depresioari aurre egiten ere, umorearen, artearen eta interakzioaren bidez. Horrez gainera, kideen arteko elkarrizketa sustatzen du, eta bizipenak partekatzeko eta komunitate-sentimendua indartzeko espazioak sortzen dira”.

Adinekoak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzea du helburu ekimenak, eta, horretarako, “kultura-esparruan duten zeregina indartzea, emozionalki aberasgarria den jarduera partehartzaile baten bidez”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna