Uztailaren 9an izango da hitzordua, Europako Herrien parkean.
Haziberri jaialdiaren bosgarren edizioa egingo dute uztailaren 9an, Gernikako Europako Herrien parkean. Antolatzaileek azaldu dutenez, “2021ean jaialdia sortu zenetik, urtero-urtero, gure egiteko moduei eutsiz, festibala ontzeko lanean aritu gara eta aurtengo kartela ere horren adierazle dela uste dugu. Kartelburu nagusia Rozalen kantautorea ezaguna izango da. Olaia Inziarte musikari gaztearen eta Gaizka Insunza gernikarraren emanaldiekin batera, beste behin arratsalde-gau ahaztezina sortzeko osagaiak jarri ditugu mahai gainean”.
Rozaleni dagokionez, Albaceteko Letur herriko kantautorea musika-erreferente bilakatu da Estatu espainiar mailan, “bere musika konprometitu eta hunkigarriarekin”. Rozalenen ibilbidea publikoaren txaloz eta kritikaren aitortzaz josirik dagoela dio antolakuntzak: “hiru Urrezko Disko, hiru Platinozko Disko, Goya sari bat, 2021eko Musika Garaikideetako Sari Nazionala, hiru Latin Grammy izendapen eta Gaztela-Mantxako Meritu Profesionalaren Plaka, besteak beste. Zuzenekoetan milaka jarraitzaile batzen dituen musikaria da egun”.
Gainera, “sortzen duen musikaren bidez gutxiengoen eta baztertuta dauden komunitateen eskubideak defendatzen ditu. Azkenaldian euskarari ere keinu egin dio, aniztasunarekiko sentsibilitate argia erakutsiz. Bere presentziak, ahotsak, sentsibilitateak, Gernikako Europako Herrien parkeak duen berezko magia areagotu egingo du uztailaren 9an”.
Olaia Inziarte oronoztarra, berriz, euskal musikarien belaunaldi berriko ahots indartsuenetariko bat da. “Bere proiektuak freskotasuna eta nortasuna ekarriko ditu oholtzara. Zerrautsa bigarren diskoa argitaratuta, Olaia Inziarte etorkizun handiko bidea urratzen ari da. Bere estiloak pop-a, folk-a eta elektronika ukituak uztartzen ditu, eta emozioz beteriko zuzeneko emanaldiak eskaintzen ditu, entzulearekin lotura berezia sortuz”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Azkenik, Audience taldeko abeslari eta sortzaile gisa ezagutzen dugun arren, Gaizka Insunza gernikarra bakarka ere badabil bere sormen pertsonalari bidea emanez. Iaz izeneko bigarren lanarekin dator. Insunzak jazz eta soul ukituak dituen diskoa kaleratu du, oraingoan, euskarari keinu egiten diona. Izan ere, orain arte ingelesez abesten entzun dugu Gaizka.