Sinatzeko bi aukera egongo dira: Euskal Herriko jai guztietan sinadura orriak egongo dira, eta www.txosnak.eus webgunean ere sinatu ahalko da.
Euskal Herriko txosnek eta jai batzordeek, horien artean, Gasteizko Txosnak, Donostiako Piratak eta Bilboko Konpartsak, bat egin Txosnak. Gureak, denonak kanpaina martxan jartzeko. Agerraldia Bilboko Miribilla parkean egin dute eta “ate joka ditugun jai herrikoiak esnatzeko jai bat irudikatu dugu”, adierazi dute.
Abiatu duten kanpainak txosnen balio soziala nabarmentzea du helburu; izan ere, “txosnak gure kulturaren, auzolanaren eta nortasunaren parte dira. Txosnak babestu beharreko gure izaeraren parte baten gisa ulertzen ditugu, bertsolaritza edo herri kirolak diren bezalaxe”.
Txosna bakoitzaren atzean, jende askoren borondatezko lana dagoela ere nabarmendu dute, “adin guztietako lagunek osatutako taldeak dira jaietarako gune ireki, parte-hartzaile eta herrikoiak sortzen dituztenak. Bertan tradizioak elikatzen dira, kultura bultzatzen da, eta auzokideen arteko loturak sendotzen dira. Txosnak festa soila baino askoz gehiago dira. Gure oroimen kolektiboaren parte dira. Gure nortasun partekatuaren adierazle. Tresna politikoak, sozialak eta kulturalak dira. Gure ahotsa dira. Eta hori guztia babestu nahi dugu”.
Gainera, “ilusioz beteriko hainbat boluntarioren bizkar lortutako etekin ekonomikoekin” auzogintzako beste hainbat proiektu sozial eta kulturaletan inbertitu dela azpimarratu nahi izan dute: “hurrengo urteetako jaiak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, aisialdirako zein hezkuntzarako jardunaldiak, eta abar”.
Hala, txosnen babesa eta etorkizuna bermatzeko, ondare immaterialeko kultur ondasun izendatzea eskatu nahi dute. Izar Mendiguren, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Bartra bertsolarien hitzetan, “festa, zarata, jana, edana/ antolakuntza ta auzolana/ kultura baten ondare;/ baita jendarte justuago bat/ lortzeko konplizidade./ Belaunalditan transmititu den/ eredu baten zutabe”.
Txosnentzat aitortza eta babes hori lortzeko, uda osoan zehar sinadurak biltzen arituko dira. “Herriz herri, jairik jai, txosnaz txosna eta kuadrillaz kuadrilla, aldarrikapen hau zabaltzen eta ekimen honentzako babesa eskatzen”.
Sinatzeko bi aukera egongo dira: Euskal Herriko jai guztietan sinadura orriak egongo dira, eta www.txosnak.eus webgunean ere sinatu ahalko da.