Ikertzaile bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta irailaren 30era bitarteko epea izango du lana ondu eta aurkezteko.
Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu- eta master-amaierako hamar lan saritzeko deialdia argitaratu zuen martxoan. Akademiaren arabera, “ikertzaile gaztea edo hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hori aitortzea, eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da deialdi honen helburua”.
Lau eskaera aurkeztu dira denera aurtengo deialdian, gradu-amaierako bi lanen egitasmoekin eta master-amaierako beste bi lanen proposamenekin batera.
Epaimahaiak ondoko hiru egitasmo hauek hautatu ditu: Ines Marguerite Azkarate Etxeberriaren Antzerkia eta adierazkortasun baliabideak uztartzeko proposamen didaktikoa; Libe Miner Astaburuagaren Euskararen erabilera ikaskuntza gidatuko espazioetan eta zirkulazio libreko eremuetan: Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako kasu-azterketa bat; eta Andoni Rey Ortizen Hernaniko hizkeren analisi fonologiko bat.
Kontuan hartutako ebaluazio-irizpideak izan dira: Ikerketaren helburuen egokitzapena Mintzolak zehaztuta dituen iker-lerroetara; GRAL/MALen kalitatea: ikerketa-gaia eta helburua ondo zehaztuta egotea. Metodologia egokia izatea eta ondo garatua egotea. Lana argi eta ondo idatzita eta egituratua egotea; eta GRAL/MALen garrantzia eta originaltasuna: lanak jakintzari egindako ekarpena, maila teorikoan zein metodologikoan egindako berrikuntzak. Ikuspegi interesgarria eskaintzea eta etorkizunerako lan ildoak irudikatzea.
Hautatutako proiektu bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta egileek 2025eko irailaren 30era arte izango dute lana aurkezteko.