Gallastegirekin batera, Ekhi Zuluaga izan zen puntu gehien batu zituen bertsolaria.
Bizkaiko Eskolarteko bertso idatzien finalak eta bat-bateko finala jokatu ziren asteburuan Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian. Eskolarteko txapelketa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute elkarlanean.
Larunbatean 10:00etan 150 gazte batu ziren DBH eta batxilergoko idatzizko finala jokatzeko. Apirilean eta maiatzean herri eta eskualdeetan egin dituzte aurrekanporaketak. Horrez gain, ostiralean LH5 eta LH6. mailakoen finalak jokatu ziren.
Ostean, 11:30ean hasita, bat-bateko finala jokatu zuten finalistek. Aurten 28 parte hartzaile egon dira bat-bateko txapelketan eta lau kanporaketa jokatu dira. Horietatik zortzi heldu dira, esandako moduan, finalera: Aiala Irurtia Montero (Arantzazu), Ekhi Zuluaga Intxaurbe (Igorre), Enara Gallastegi Barrenetxea (Dima), Iradi Barrenetxea Akesolo (Artea), Jon Abasolo Sarralde (Munitibar), Kelmene Abaitua Isazelaia (Berriz), Maddi Aurtenetxe Bustinza (Zornotza) eta Naroa Iturrioz Lauzirika (Zornotza).
Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin zuten gazteek, eta, ondoren, bakarka gaiari erantzun. Ariketa horiek egin ostean, Enara Gallastegi eta Ekhi Zuluaga izan ziren puntu gehien batu zituzten bi bertsolariak eta, beraz, buruz-burukora sailkatu zirenak. Puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan zuten atal honetan.
Buruz burukoa jokatu ostean, Enara Gallastegik batu zituen puntu gehien eta 2025ko Bizkaiko eskolarteko txapela irabazi zuen. Txapela Eneko Abasolo Txabarri Abarkas bertsolariak ipini zion txapeldunari.
Bat-bateko finalean aurkezle beharretan Igor Menika Bengoetxea aritu zen. Epaimahaia BeƱat Romero Maguregi, Ainhoa Arregi Elosua eta Ander Arrien Azpiazuk osatu zuten. Idazkari beharretan, ostera, Ione Narbaiza Gallastegi aritu zen.