Leire Errandonea (argazkia: Berria, CC BY-SA)

Leire Errandonea itzultzaile gazteak Minaberri beka eskuratu du

Nafarrak Marie-Aude Murail idazle frantsesaren Sauveur et fils liburua euskaratuko du.

Leire-Errandonea Garcia-Larratxek (Bera, 1997) irabazi du nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko beka. Epaimahaiak bigarren deialdi honetara aurkeztu diren hamar gazteetatik aukeratu du itzultzaile nafarra. Orain, Marie-Aude Murail idazle frantsesaren Sauveur et fils liburua osorik itzuli beharko du, eta horretarako Xabier Olarra itzultzaile eta editorea izango du mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko.

EIZIEk antolatzen du beka-deialdia, Iruñeko Udalarekin, CEDROrekin eta Txalaparta argitaletxearekin lankidetzan, eta 30 urtetik beherako itzultzaile hasiberriei zuzenduta dago. Epaimahaiaren iritziz, frantsesezko testuak zituen koskak egoki gainditu ditu itzultzaileak, “ordain egokiak emanez euskaraz, eta behar adinako fideltasunez”. Fernando Rey Escalerak, Amaia Orbe Barriok eta Xabier Olarra Lizasok osatu dute epaimahaia, eta adierazi dute itzultzaile nafarrak “testu ulergarria eta sinesgarria” sortu duela gurasoen eta seme-alaben arteko ika-mikak islatzean. Diotenez, “testuak oso ongi funtzionatzen du euskaraz, lexiko eta sintaxi zuzen bezain bizia baitu”.

Errandoneak Euskal Ikasketetako Lizentzia eskuratu zuen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean, eta UEUko Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoa egin ostean, Itzulpengintza Masterra egin zuen Granadako unibertsitatean. Han egin zituen itzulpen-praktikak ere. 2021etik, zuzentzaile eta itzultzaile ari da Berria egunkarian.

Sauveur et fils liburuari dagokionez, Sauveur Saint-Yves haur-psikologoaren inguruko liburu-saileko lehen argitalpena da. Umore handiz kontatuta, Sauveurren kontsultatik igarotzen diren era guztietako arazoak aletzen dira sailean. Marie-Aude Murail (Le Havre, 1954) haur- eta gazte-literaturako sona handiko frantses idazlea da. XX. mendeko azken herenean Europan arrakasta handiz sortutako errealismo kritikoaren lorratzean kokatzen ditu bere lanak.

Minaberri bekaren barruan, itzultzaileak eta mentoreak zazpi lan-saio eginen dituzte, bina ordukoak, eta Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du itzulpena, aurrez dagozkion eskubideak eskuratu ondoren. Beranduenez ere 2026ko abenduan argitaratu beharko dute. Bestalde, Txalapartak udazkenean argitaratuko du Laurie-Halse Anderson idazlearen Speak, Ainhoa Mendiluzek euskarara ekarria Aiora Jaka mentorearen laguntzaz. Gainera, bekaren irabazleak 3.000 euro gordin eskuratuko ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna