Lanak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan egiten ari dira, eta film zaharberrituak irailean proiektatuko dira, Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean.
Euskadiko Filmategiak eta EITBk Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986) film ertainak zaharberritzeko proiektua aurkeztu dute gaur Tabakaleran. Lanak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan egiten ari dira, eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean proiektatuko dira irailean.
Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia eta Anjel Lertxundiren eleberrietan oinarrituta daude, hurrenez hurren, Ehun metro, Zergatik panpox eta Hamaseigarrenean, aidanez, eta Irati Filmak ekoiztetxeak egin zituen, 100 milioi pezetako aurrekontuarekin. Diru hori guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eman zuen oso-osorik.
Jose Julian Bakedano zinemagileak zuzendu eta ekoiztutako Oraingoz izen gabe film ertainari dagokionez, Bernardo Atxagak idatzi zuen gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta. 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen filma.
Lan hauek zaharberritzeko, Espainiako Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordeta dauden 35 mm-ko jatorrizko negatiboak erabiliko dira. Lehenik, material fotokimikoa garbitu egingo da, eta mekanikoki prestatu, digitalizatzeko. Bigarren fasean, denboraren joanak eragindako inperfekzioak desagerraraziko dira, betiere jatorrizko fitxategiaren benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzenduko dira. Abuztuan amaituko dira lanak, eta Filmategiko teknikariek gainbegiratuta eta Eusko Jaurlaritzaren babespean egingo dira.