(argazkia: Iker Azurmendi)

San Telmo Museoak ‘Lorategi bat soinean’ erakusketa zabaldu du irailaren 28ra arte

Erakusketak XVIII. eta XIX. mendeetako modaren bilakaera ezagutzera eman nahi du, loreak leitmotiv gisa hartuta. 130 pieza inguru biltzen ditu, eta horien muina Madrileko Museo del Trajeko eta San Telmo Museoko jantzi eta ehun historikoen bildumak dira.

San Telmo Museoak, Madrileko Museo del Trajerekin elkarlanean, Lorategi bat soinean erakusketa antolatu du, Gema Batanerok komisariatuta. Erakusketa 2024an izan zen Madrilen ikusgai, eta oraingoan, egoitza berrian, San Telmoko bildumaren funtsak ere barne ditu, izan ere, Donostiako museoak garaiko janzkera bilduma interesgarria du.

(argazkia: Ricardo Iriarte)

Erakusketak Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzan sortu ziren lore-motiboen bilakaera aztertzen du, batez ere, Museo del Trajeren (76 pieza) eta San Telmoren (23 pieza) bildumen bitartez. Azaldu dutenez, “garai hartan gizakiak mundu naturalarekin zuen harremanean gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla bihurtu ziren irudikapen horiek, baita ideia artistiko, zientifiko eta filosofiko berrien eferbeszentziarena ere”.

Era berean, merkataritza trukeen eta aurrerapen teknologikoen eraginak gurutzatzen dira; horiei esker,  lore irudikapenak oso azkar aldatu ziren, XVIII. mendeko eta XIX. mende hasierako gustuak izan zuen bilakaeraren funtsezko lekuko bihurtuz.

Erakusketan 130 pieza inguru daude ikusgai, eta horien muina Museo del Trajeko eta San Telmo Museoko jantzien eta ehunen bilduma historikoek osatzen dute. Beste erakunde batzuetako dokumentu eta bibliografia, pintura, zeramika eta dekorazio arteetako funtsak ere badira: Museo Nacional de Arqueologia, Museo Nacional de Artes Decorativas, Real Jardin Botanico, Banco de España Bilduma, Valentziako Arte Ederren Museoa, Museo Nacional de Escultura eta Cristóbal Balenciaga Museoa.

Gaur egungo jantzi batzuk ere badaude ibilbidean zehar, euskal modaren diseinuarekin lotuta; Euskal Herrian jaiotako diseinatzaileenak dira batzuk, hala nola Balenciaga, Fernando Lemoniez eta Modesto Lomba, eta josteko etxea hemen izan zutenenak beste batzuk, Pedro Rodriguez, esaterako.

Azalpena kronologikoki planteatuta dago, eta lore-motiboen bilakaera garatzen du, hainbat estilo edo eraginen bidez. Hala ere, ibilbide lineal horretan zeharkako gai batzuk ere sartzen dira, hala nola diseinatzaileen prestakuntza, ehungintzako hainbat teknikaren garapena, botanikan eta zientzian egindako aurrerapenak, eta naturaren inguruko XVIII. mendeko iruditeriak. Horiei esker, loreen gaiaren ulermen poliedrikoa egin daiteke, Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean gertatzen diren aldaketa kultural sakonen adierazpen gisa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna