Zinegoak jaialdiko hasiera ekitaldia ekainaren 23an izango da Arriaga Antzokian. Esanezin taldea igoko da oholtzara eta Zero Chou zinegile taiwandarrak Ohorezko Saria jasoko du. Itxiera, berriz, ekainaren 30ean izango da Bilborocken.
Ekainaren 23tik 30era egingo da Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia, eta aurten ere kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera baino gehiago izango dira. Egitarauak proiekzioak, arte eszenikoak, topaketak, jardunaldi profesionalak, jaiak… biltzen ditu jaialdiaren ohiko egoitzetan, hala nola Bilborock, Golem Alhondiga, BilboArte, Bira, Sarean, Arriaga Antzokia, La Sinsorga eta Guggenheim Museoa. Hiriak, beraz, aldarrikapen, aniztasun, kultura eta zinemaz beteriko hamar egun biziko ditu.
Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak aurtengo edizioaren berrikuntza nagusiak azaldu ditu: “Aurten disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia eta afektuen sareetan jarri dugu arreta, egitura tradizionaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu ahal izateko. Erresistentziarako, afektuetarako eta aniztasuna onartzeko espazioak dituzten egiturei begiratzea bilatzen dugu. Zapalkuntza-sistemei aurre egiten dieten errealitate desberdinekin batera dauden espazioak”. Natalia Lisinicchiaren aurtengo kartela horren isla da.
Sail ofizialean 15 film luze lehiatuko dira jaialdiaren ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak), Brasil, India, Argentina, Kolonbia, Estatu Batuak, Norvegia, Kroazia eta Herbehereetakoak, besteak beste. Arenzanak horietako batzuk nabarmendu ditu: “Truth or Dare filmak sexu-topaketa onartuei, kontzienteei eta taldekakoei buruzko hausnarketa bat erakutsiko digu; amatasun-prozesuetako zailtasunak, Der Wunsch (Love Alone Can ‘t Make A Child) zintak erakusten digun bezala; Brigitte Planeta B dokumental kolonbiarrak planetaren kultura-aniztasunari buruz beste logika batzuetatik hausnartzera gonbidatuko gaitu, etab.”. Film horietako hainbat zinemagile eta protagonista izango dira jaialdian, beren lanak in situ aurkezteko.
Aurtengoan, trans infantziak bereziki presente egongo dira, ez bakarrik sail ofizialaren bidez Avenida Beira-Mar filmarekin, baita ekainaren 21ean, larunbata, ZiNaizen galarekin ere.
Film laburrak
Sail ofizialean lehiatuko diren 30 film laburrei dagokienez, Haurtzaroa eta Nerabezaroa eta Emakume Zuzendariak ohiko zikloez gain, edizio honetan Zinegoakek hiru ziklo berri izango ditu: Maitasun sareak eta Erresistentzia eremuak. Horietan, gorroto-diskurtsoak areagotzearen aurrean borroka politiko aktiboa mantentzearen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaituzte; eta Geroa oroimenetik, iraganari begiratuko diote etorkizun kontzienteagoa eraikitzeko.
Ekainaren 23an abiatuko da jaialdia ofizialki, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio-ekitaldiarekin (gonbidapenak antzokiaren webgunean eskura daitezke). Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute ekitaldia, Esanezin musika taldea arituko da eta Zero Chou zuzendari taiwandarrak Zinegoak 2025 Ohorezko Saria jasoko du, DAMAk babestua. Gainera, bere lanari buruzko atzera begirako bat izango da, Taiwango Kultura Ministerioaren lankidetzari esker.
Ekitaldiaren ondoren, Jone, batzuetan filmaren estreinaldia izango da EAEn. Sara Fantova zuzendariaren opera prima da, eta FIK sail ofizialean lehiatuko da. Aurten ere, Zinegoakek hainbat euskal ekoizpen izango ditu jaialdian. Fantovaren lanaz gain, sei euskal film laburrek parte hartuko dute Zinegoaken: ¿Dónde estás? (Marina Moreno Novoa), Judoka (Ander Iriarte), Maitemina (Erik Rodriguez Fernandez), Inkognita (Julen Gorosabel), Azkena (Ane Ines Landeta, Lorea Lyons) eta La raíz (Isabel Saez Perez).
Jaialdia ofizialki hasi aurretik, ekainaren 18tik 22ra bitarteko asteburuan, 3, 2, 1… Zinegoak! izango da hainbat jarduerarekin Bilboko hainbat aretotan. Hilaren 18an hasiko da Sarean gunean, Buddies (1985, Arthur J. Bressan Jr) filmaren proiekzioarekin. Ostegunean, ekainak 19, berriz, Guggenheimen, Onda Nova (1983, Icaro -Francisco C.- Martins, Jose Antonio Garcia) pelikulaz gozatzeko aukera izango da. Hilaren 20ko arratsaldean saio bikoitza izango da: Primeran plataformaren eskutik Smoggie Queens telesailaren aurrestreinaldia eta Gauak taldearen kontzertua Sarean aretoan. Larunbatean, hilak 21, ekitaldiz beteta egongo da goizetik gauera arte: 12:30ean Sinsorgak lesbofobiari buruzko solasaldia hartuko du Ekuatore Ginean; arratsaldean ZiNaizen gala ospatuko da, Dantzertiren Kaltetuen Elkartea lanaren estreinaldiarekin eta Biran RRR! Errebeldeak, errelatoak eta erritmoak, aurkezpenak, performanceak eta dj-ak izango dira. Azkenik, hilaren 22an, igandea, Zero Chou ohorezko sariaren obra ezagutzeko aukera izango da, Bilborocken, Irantzu Varelarekin egindako elkarrizketa batean.
Proiekzioez gain, jaialdiak beste hainbat jarduera osagarri ere hartuko ditu ekaineko azken astean, hala nola arte eszenikoak. Getxo Kulturak antolatuta, ekainaren 26an Getxoko Muxikebarri kulturgunean Raquel Loscosek eta Victor Ramirezek zuzendutako Hermafroditas a caballo o la rebelión del deseo antzezlana taularatuko dute. Pieza hau oihu eszeniko bat da, antzerki dokumentala eta freak show nahasten dituena, intersexualitatea ikusarazteko.
Bestalde, jaialdiak hainbat proiekzio berezi eta aurkezpen antolatu ditu, hala nola Izatea iraultza bat da proiekzioa, zinema queer-etik erreskatatutako eta zaharberritutako filmen programa, 70eko hamarkadan elkartasuna, afektuak eta askatasunaren bilaketa erakusten dituena; edo Apoyo Positivo, aktibismotik zinema queerren hamar urte bete dituen erakundearekin lotutako aurkezpena.
Gero eta indar handiagoa hartzen ari den beste gune bat zinemaren industriarekin eta aniztasunarekin lotutako ZG PRO jardunaldi profesionalak dira. Ekainaren 27an eta 28an hainbat masterclass, garapen bidean dauden proiektuen aurkezpen eta abar egingo dira, David Velduque, Gabriela Wiener, Tatiana Romero, Emilio Papamija eta abarren partaidetzarekin.
Itxiera ekitaldia ekainaren 30ean izango da, astelehena, Bilborocken, eta bertan edizio honetako palmaresa ezagutaraziko da, EITBk babestutako Zinegoak Sari Nagusia barne. Aurrez aurre ez ezik, jaialdiak bere leiho digitalean jarraituko du EITBren Primeran plataforman, jaialdian parte hartu duten filmen kanal batean.
Bilbon ez ezik, aurten ere Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat herritan egiten ari dira Zinegoak. Zehazki, 50 udalerrik osatzen dute aurten ZG Hedapena programa.