ON taldea (argazkia: Donostia Kultura)

Musikagela Fest jaialdia egingo dute hilaren 21ean, Donostian

12:00etatik 14:00etara izango da lehen zatia aperitif moduan, Inv3rt, Mark Duti, WTXW eta ON taldeen zuzenekoekin. Bigarren zatiari arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera ondorengo taldeekin: Latitud 43, Peter Bjorn y Miss B. eta Sara Mansilla.

Donostiako musikarien jaialdia dugu Musikagela Fest eta Musikagela zerbitzuarekin harremana duten hainbat musika-banda eta estilo bilduko ditu egun batean zehar. Hitzordua ekainaren 21ean izango da Saguesen eta eguerdi eta arratsalde-gau orduetan egingo da.

Seigarren edizio honetako kartela bederatzi emanaldik osatzen dute. Urtean zehar Musikagela zerbitzuak kudeatzen dituen lokaletan entseatu edo kontzertu-zikloetan parte hartu duten zortzi tokiko taldeez gain, Al Dual Murtziako talde gonbidatua bertan izango da ere.

Jaialdia Dkluba kontzertu-zirkuituaren baitan antolatzen da eta Musikagela osatzen duten edo zerbitzuan parte hartu duten musika-proiektuak babesteko eta ikusarazteko helburua du.

Donostia Kulturak 2004az geroztik eskaintzen duen udal-zerbitzuak Egian eta Intxaurrondon entsegu-lokalak kudeatu eta kontzertu-zikloak, ikastaroak, tailerrak, master classak, mailegu-materiala (zuzenekoa eta grabazioa), aholkularitza eta ekimenak antolatzen ditu hiriko musika-jarduera bultzatzen eta dinamizatzen laguntzeko.

Donostia Kulturak tokiko talentu musikalaren lagin bat erakutsi nahi du, “hiriko taldeei jaialdi batean parte hartzeko aukera eskainiz, kalitatezko agertoki batean eta aire zabalean beste hainbat bandekin joaz. Zerbitzuko taldeentzat entsegu-lokaletatik haratago ikusgarritasuna lortu eta bertako musika eszenan proiektatzeko aukera paregabea da”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Eguneko jaialdia da eta bi zatitan bereizten da: lehen zatian eta aperitif moduan, Inv3rt, Mark Duti, WTXW eta ON arituko dira eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.

Bigarren zatiari arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera eta gaueko 22:00ak arte luzatuko da ondorengo talde hauekin: Latitud 43, Peter Bjorn y Miss B. eta Sara Mansilla.

Euria edo eguraldi baldintza desegokiak izanez gero, jaialdia Intxaurrondo Kultur Etxera eramango litzateke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna