(argazkia: Lander Villanueva)

Larrotxene Bideok ikasturte honetako filmak aurkeztuko ditu ekainaren 20an, Donostiako Antzoki Zaharrean

Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzorduan. Gonbidapenak emanaldiaren egunean bertan jaso ahal izango dira Antzoki Zaharreko leihatilan, 17:00etatik aurrera.

2024-2025 ikasturtea berezia izan da Donostiako Intxaurrondoko Larrotxene Bideorentzat. Azken urtean egindako berrikuntza lan handiek sorkuntza proiektuak piztu dituzte: laborategia, soinu eta irudi edizio gela berritua, formaziorako aretoa, eta abar. Ondorioz, ikastaro-kopuruak gora egin du aurten, baita material lagapen zerbitzuak ere.

Ikasturte honetan, sei produkzio oso eta koprodukzio bat landu dira, eta guztiak ezagutzeko aukera izango da datorren ekainaren 20an, arratsaldeko 19:00etan. Bideoaldiak 37. edizioa beteko du eta Antzoki Zaharrean elkartuko ditu landutako proiektuen lan talde guztiak, lagunak eta, oro har, zinema eta ikus-entzunezkoen jarraitzaileak.

Larrotxene Bideoko irakasleak ere bertan izango dira, Michel Gaztambide, Maider Oleaga, Maria Elorza, eta Ander Sagardoy dira horietako batzuk.

Ik El Escondite. Marta H. Susperreguik zuzendutako 5 minutuko dokumentala. Maria Elorzak emandako Cinema Collage ikastaroaren baitan sortu da. Ezkutaketa joko errugabea da, baina batzuetan pertsona batzuen alderdi ilunena agerraraz dezake. Benetako gertaeretan oinarrituta

Kamarada. Jon Hidalgok zuzendutako 8 minutuko lana da. Michel Gaztambideren Guión Avanzado ikastaroan sortutako gidoia da. Bertan, bi lagunen arteko elkarrizketa kontatzen da. Lagunak bai, baina sentimenduak eta ahultasunak partekatzerako arazo larriak dituztenak.

Berandu. Lorea Azpeitiak zuzendutako 7 minutuko lana. Andoni de Carlosek emandako Gidoigintza Hastapena ikastaroan sortutako gidoia eta Pablo Maloren Dirección de Cine ikastaroan garatutako filma. Bertan Aroa ezagutuko dugu. Ospitale inguruan dabil aparkaleku bila, iritsi nahi eta ezin. Ohartzen denerako, ordea, berandu da.

Atsedenetxe. Josema Agirrek zuzendutako 5 minututako film labur dokumentala, Ander Iriarteren Zinema ekintzaile. Gerrilako ez-fikzioa ikastaroan garatutakoa. Bertan, Intxaurrondoko auzoan dagoen parke baten historia ezagutuko dugu, Atsedenetxe izenekoa, baina 1998. urtean Alice Gulick bihurtu zena.

Maritxu nora zoaz. Alex Altunak zuzendutako 5 minututako filma laburra,  Andoni de Carlosek emandako Gidoigintza Hastapena ikastaroan landutakoa. Bertan, bikote baten elkarrizketa bat ikusiko dugu, ohean. Hitzak eta bere esanahi aldakorrak izango dira elkarrizketa horren muin.

Faustina, Salda Badago. Sergio Rojok zuzendutako 11 minutuko film laburra. Michel Gaztambidek emandako Guión Avanzado ikastaroan sortutako lana. 1937. urteko maiatzean, euskararen erabilera debekatu zen Donostian. Baina, emakume batzuek desobeditu zuten, eta larrutik ordaindu zuten. Honakoa, emakume horietako baten istorioa da.

Koprodukzio lana hau izango da: Olentzerori eskatu nion. Amaia San Sebastianek zuzendutako zortzi minututako film laburra. Gauero hotel desberdin bat. Azken larru-jotzea eta bere maitalearen begi hutsetara azken begirada. Emakume bat ihesean, gauero elkarrizketa berdina, denbora milimetratuan. Nazkatu zen egunean eduki zuten azken elkarrizketa.

Azkenik Donostiako Ekialdeko Barrutiak, Larrotxene Kutur Etxeak eta Lauaizeta ikastolak sustatutako film labur dokumentala eskainiko da:

Siluetak. 10 minututako film labur dokumental honetan, Lauaizeta ikastolako DBH2ko hainbat ikasle ezagutuko ditugu. Ikasleek Intxaurrondo auzoa esploratuko dute, auzoaren historia eta memoria berraurkitzeko helburuarekin. Agustin Ibarrolaren eskultura, euren hausnarketarako ardatz bilakatuko da.

Bestalde, eta aurtengo ikasturteari behin betiko itxiera emateko, ekainaren 27an, 19:00etan Hitz eta Pitch ekitaldia antolatuko da Intxaurrondoko Kultur etxean. Pitching saio honetan, Larrotxene Bideoko lagun, ikasle, eta irakasleek euren etorkizuneko egitasmoak aurkeztuko dituzte, lankidetzen bila.

Zabaldu:

Utzi erantzuna