Uztailaren 5etik 27ra, musika, dantza eta pailazo ikuskizunen topaleku izango dira Herriko plaza, Lariz Jauregia eta Arespakotxaga lorategia.
Uda eta Kultura uztartzen dituen Musikaire jaialdia indartsu itzuliko da Elorriora uztailaren 5etik 27ra. Aurtengoa jaialdiaren 25. edizioa izango da, eta askotariko gustuei erantzuteko eskaintza zabala jaso da programan. Hori izan baita udalaren asmoa azken urteotako: “adin guztiak kontutan dituen eskaintza kulturala gurera ekartzea”, nabarmendu du Julene Lazkano Elorrioko alkateak
Itsaso Basauri Kultura Jai eta Gazteria zinegotziaren hitzetan “25. urteurrena kontuan hartzeko mugarria da. Gainera, ia gonbidatu guztiak euskaldunak dira, Baskolombiaren fusioaren zati bat eta Sol Band palestinarrak izan ezik. Talde horren parte-hartzea eskertu gura dugu, euren herrialdeak pairatzen duen sarraskia kontuan hartuta”.
Aitor Iriarte Musikaireren antolatzaileak gehitu du jaialdia kalean egiteak “balio erantsia” duela publikoarentzat, “gogo onez hartzen dituztelako ikuskizunak”.
Hala, ez dute hutsik egingo bi klasikok, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Dantza Garaikideak. Musikarien aldetik, izenen artean daude Anari, Olatz Salvador edota Petti. Eta estiloei dagokionez, jaialdiak denetik izango du, musika tradizionala eta gaur egungo soinuak uztartuta.
Kokalekuen aldetik, plaza, Lariz jauregia eta Arespakotxaga lorategia izango dira aurtengo emanaldien eszenatokiak.
Egitaraua eta agertokiak:
- Uztailak 5, larunbata, 22:30ean, Herriko plazan, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra.
- Uztailak 6, igandea, 19:00etan, Herriko plazan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
- Uztailak 11, ostirala, 20:00etan, Lariz jauregian, Audience.
- Uztailak 12, larunbata, 20:00etan, Lariz jauregian, Anari.
- Uztailak 13, igandea, 19:00etan, Lariz jauregian, Sol Band (Palestina).
- Uztailak 18, ostirala, 22:30ean, Herriko plazan, Bascolombia.
- Uztailak 19, larunbata, 22:30ean, Herriko Plazan, Petti.
- Uztailak 20, igandea, 19:00etan, Herriko Plazan, dantza garaikidea.
- Uztailak 25, ostirala, 20:00etan, Arespakotxagan, Arima Soul.
- Uztailak 26, larunbata, 22:30ean, Herriko plazan, Olatz Salvador.
- Uztailak 27, igandea, 19:00etan, Arespakotxaga lorategian, Sustraiaren matxinada.