(argazkia: Bira)

Bilboko Bira kulturguneak ezin izango dio eutsi orainarteko kultura-programazioari

Kulturguneak amaitutzat eman du aurtengo ikasturtea. 2024ko irailetik ekainera bitartean, 290 kultur-hitzordu hartu ditu.

Bira kulturguneak sare sozialetan zabaldu duen oharrean adierazi duenez, datorren ikasturtean ezin izango dio eutsi azken urteetako funtzionamenduari (lan profesionala + militantzia) eta horrek agendan eta proiektuan eragina izango duela nabarmendu dute bertako kideek.

Adierazi dutenez, “birakideon ekarpena alde batera, administrazioko laguntzekin osatzen dugu aurrekontua. Eta eskertuta gaude. Zoritxarrez, 2024an eta 2025ean laguntzak dezente murriztu zaizkigu eta hemendik aurrera, nahiz eta aurten ere dirua jaso, ez gara egitura profesionalari eusteko moduan izango”.

Bira herri-proiektua dela gogorarazi dute, 2016an sortu zenetik, 285.000euro jaso ditugu birakideon partetik”. Inbertsio horri esker, lokala erosteari ekin eta obra burutu zuten, lehen urteetako programazioa finantzatu, termitak direla-eta komunitateko gastu handiei aurre egin eta azken urteetako programazioan laguntzeko aukera izan dute. “Hasieratik bertatik, kulturari eman diogu erabateko lehentasuna, taberna haren zerbitzura jartzen. Bestalde, oso aurrekontu txikiarekin aritu gara: bataz beste, azken urteetan, 45.000 eurorekin osatu dugu urte osoko aurrekontua (artistei dietak, bi langile, erosketak, zehar gastuak…)”.

Datorren ikasturtean, beraz, ezin izango dute gutxieneko aurrekontu horretara heldu eta liberaturik gabeko egitura batera itzuli beharko dira. Beste modu batez bada ere, aurrera egingo dutela azpimarratu dute, “sinisturik gaude gurea bezalako espazioak inportanteak direla euskara, kultura eta hirirako”.

Ikasturtearen balantzea

Bilboko kulturguneak amaitutzat eman du aurtengo ikasturtea. 2024ko irailetik ekainera 290 kultura-hitzordu hartu ditu: “batetik, atal finkoak elkarlanean: Kafe Filosofikoa, Loraldia Gaztea, Lautan Hiru antzerkia, Oraina Kontakizun, Urdin Elektrikoa, Señora bertso eskola, Bionbo osteko literatura solasaldiak, Transilbania…). Bestetik, plaza ere eskaini diete, ahal guztian, eskatu dieten askori.

Zabaldu:

Utzi erantzuna