(argazkia: Tabakalera)

Hlynur Palmason zinemagile eta artista islandiarraren lehen bakarkako erakusketa aurkeztu du Tabakalerak

Ikus-entzunezko hiru instalazio, argazki-sailak, pinturak eta hainbat eskultura biltzen ditu erakusketak.

Tabakalerak hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu dituen jardueren artean Hlynur Palmason zinemagile eta artista islandiarraren lehen bakarkako erakusketa dago. Gaur irekiko ditu ateak eta irailaren 28ra arte egongo da bisitatzeko aukera.

Joana Hurtado Matheu komisario duen erakusketak Palmasonen lan artistikoa Estatu espainiarrean lehen aldiz ezagutzeko aukera ematen du ikus-entzunezko hiru instalazioren, argazki-sailen, pinturen eta zenbait eskulturaren bidez. Lan horiek guztiek, bere filmekin zuzenean elkarrizketan, denboraren, paisaiaren eta materiaren eraldaketaren inguruan unibertso koherente bat eraikitzen dute.

Zinemagilearen eta Donostiako zentroaren arteko harremana 2022an hasi zen, zinemagileak Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuenean, Cannesen nazioarteko estreinaldia izan zuen Godland film luzearekin. Zabaltegi saileko epaimahaiak film hura saritu zuen bere ausardi formalagatik eta ikuspegi artistiko bereziagatik. Sail berean, aurretik Berlinalen estreinatutako Nest film laburra ere programatu zen.

Lehenengo bisita hura izan zen erakusketa-proiektu honen abiaburua, eta, oraingoan, zinematik harago hedatzen da, lengoaia bisualari dagozkion adierazpide ororekin konprometituta dagoen artista hau ezagutzera emateko.

Zinema eta artea

Islandiarra oso ezaguna da Europako egile-zinemaren arloan zuzendu dituen film luzeei esker: Vinterbrødre (2017), A White, White Day (2019) eta Godland (2022), besteak beste, baina bere lan artistikoak zabalkunde txikiagoa izan du. Dena den, Palmasonen instalazio eta bideo esperimentalek filmetan landu dituen obsesio estetiko berberak partekatzen dituzte: zorroztasun formala, ingurune naturalaren behaketa barea, denboraren zama, eta bizitzaren eta heriotzaren erritmoekiko lotura sakona.

Antolatzaileen esanetan, “Tabakaleran bildutako lanek, erakusketa honetarako propio sortu duen obra berria barne, sarbide pribilegiatua eskaintzen dute Palmasonen lengoaia bisualera, non giroetan eta denbora-egituretan disolbatzen den kontakizuna, zentzumenei dei egitearren”.

Ikusgai jarritako lanak

Lament for a Horse (2021-2025) obrak, artistaren ikus-entzunezko instalazio erradikalenetako eta hunkigarrienetako bat, zaldi baten deskonposizioa erakusten du hiru urtetan zehar, plataforma baten gainean ipinitako kamera finko batekin filmatuta. Irudiak, ia piktorikoa denak, bizitzaren zikloari, narriadura fisikoari eta prozesu naturaletik sortzen den edertasunari buruzko hausnarketa pausatua sortu nahi du. Aldi bereko sei bideo-kanalek esperientzia inguratzaile eta kontenplatiboari ematen diote bide; bertan nagusi den baretasunak eta giro-soinuak animaliaren memoria eta etendako denbora aditzera ematen dituzte. Instalazioaren osagarri, beste elementu hauek ere ikusgai daude aretoan: piezaren protagonista den zaldiaren hezur batzuk; tamaina handiko irudiez osatutako sail bat eta polaroid argazki sail bat. Pieza hau Palmason bizi den landa-ingurunean filmatua da, eta bere seme-alabek ere parte hartu dute prozesuan.

One Winter Series (2012–abian), bestalde, esperimentu material eta tenporal gisa sortutako proiektua da, eta ekintza kontzeptual bat dokumentatzen du. Artistak, neguan, Islandiako lautada baten muturreko klimaren eraginpean, oihal gainetan metalezko xaflak ipintzen ditu aire zabalean. Hala, haien eraldaketan parte hartzen dute haizeak, elurrak, izotzak eta denboraren joanak, eta haien gainazaletan uzten dute beren arrastoa.

Proiekzio bikoitzeko ikus-entzunezko instalazioak, 2017. eta 2025. urteen artean filmaturikoak, elementu horien eragina erakusten du, edertasun plastiko handiko plano finkoen bidez. Higadurari, denboraren arrastoari eta gizakiaren edozein esku-hartze aldarazteko naturak duen ahalmenari buruzko hausnarketa bisual eta abstraktua proposatzen du piezak.

Aretoan jatorrizko xafla metalikoak daude ikusgai, denboraren joanak eta oxidoak markatutako oihalen ondoan. Bideo-instalazioak prozesu horren irakurketa poetiko eta isila eskaintzen du. One Winter Series paisaiaren, klimaren eta denboraren joanaren artxibo fisiko eta bisual gisa aurkezten da.

Horiez gain, The Beginning and the End (2025) ikus-entzunezko instalazioak narrazio poetiko bat proposatzen du, kamera analogiko eta digitalekin filmatuta. Bizitzaren bilakaerari buruzko meditazio bisuala da emaitza. Tabakaleran ikusi ahal izango den ikus-entzunezko instalazio hau erakusketarako propio sortua da.

Zinema-zikloa

Erakusketarekin batera, Palmasonen filmografiaren ziklo osoa eskainiko da, Zinea eta Artea: Hlynur Palmason izenburuarekin, eta zinegilearen filmak pantaila handian deskubritzeko edo birdeskubritzeko helburuarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna