Finala, berriz, azaroaren 29an izango da Nafarroa Arenan.
Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, urriaren 4an abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Auritzen. 48. edizioa izango da eta kulturari, bereziki euskaraz egiten denari, eta, oraingoan ere, euskarari ekarpen mamitsua egin nahi dio txapelketak.
Denera, 30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkapen saioak igarota, 24 izango dira Auritzen abiatuko den ibilbidean. Lehen fasean lau saio izango dira: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Azken horretan lehen aldiz izango da txapelketa saioa. Saio horietan kantatzen dutenetatik 18 bertsolarik egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira (Agoitzen, Leitzan eta Tafallan) eta horietako zortzi bertsolari izango dira finalera sailkatzen direnak.
Beraz, zortzi saio izango ditu txapelketak guztira, beste horrenbeste udalerritan. Izan ere, elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du aurtengo txapelketarekin.
Saioak:
- Urriak 4, Auritz – Auritzeko Kultur Etxea
- Urriak 11, Mutiloa – Arangurengo Kultur Etxea
- Urriak 18, Irurita – Gizarte Bilgunea
- Urriak 26, Los Arcos – Kultur Etxea
- Azaroak 1, Agoitz – Agoitzeko Kultur Etxea
- Azaroak 8, Leitza – Leitzako Herri Aretoa
- Azaroak 16, Tafalla – Tafallako Kulturgunea
- Azaroak 29, Iruñea – Nafarroako Arena
Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki du Bertsozalek eta finala Nafarroa Arenan izango da lehendabizikoz. “Urtez urte txapelketak kalitate hobea eskaintzen du eta geroz eta ikusle gehiago hurbiltzen da, horregatik emango dugu urrats kualitatibo eta kuantitatibo hau”.
Zortzi bertsolarien artean puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor erabakiko da 2025eko txapelduna. “Bide hori egiteko prest agertu diren eta sailkatu diren bertsolarien artean, ordezkaritza anitza osatzen dute. Kattin Madariagak lehen aldiz hartuko du txapelketan, baina berarekin arituko dira urte luzez txapelketan aritutakoak ere. Aurten, gainera, hiru txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto eta Saioa Alkaiza”, adierazi du Bertsozalek.