Iñaki Dorronsorok umoretik idatzitako nobela beltza plazaratu du ‘Azpijokoa Azpiazun’ izenburupean

Idazleak estreinako liburua du Azpijokoa Azpiazun (Erein). Lapurretak, ustelkeria, lagun baten hilketa eta galipotezko kafe beroa dira abentura ilun honetako osagai nagusiak.

Iñaki Dorronsoro Maiozek (Ataun, 1994) Azpijokoa Azpiazun du lehenengo liburua. Gipuzkoarrak bi ipuin labur eman ditu argitara 7K astekarian: Ezkutuan (2022) eta Jon Zaharra (2023). Orain, Miren Arrieta kazetaria eta Alfontso detektibe pribatuaren lehen kasuarekin murgildu da bete-betean literaturan.

Egileak Erein argitaletxearen Uzta Gorria sail beltzean argitaratu du eleberria. “Ate kolpeek esnatu ninduten. Enkajezko gortinatik sartzen zen argia ikusita, artean iluna behar zuen, farola bakartiak eta neoizko argiak bakarrik esna, kaleetan. Beno, eta atea gero eta gogorrago jotzen ari zen kondenatua”, honela abiatzen da nobela. Lapurretak, ustelkeria, lagun baten hilketa eta galipotezko kafe beroa dira abentura ilun honetako osagai nagusiak.

Dorronsororen esanetan, “moldez genero beltzekoa den liburua dugu, umoretik idatzia eta umoretik gidatua, bereziki pertsonaien hartu-emanek eta elkarrizketek ematen diote erritmo bizi eta umoretsu hori”. Hala, “misterio txiki batekin hasiko zaigu istorioa, handitzen joango da eta estolda zuloaren bukaerarako iristen garenerako, zorte pixka batekin, irakurlea irribarrez egongo da”.

Azpijokoa Azpiazun saga bat izango denaren lehen liburua dugu. Izan ere, idazleak Miren eta Alfontso pertsonaiekin abentura berriak idazteko asmoa azaldu du, “liburua irakurtzen den bitartean, nik ahal dudan guztia idatziko dut, esploratu nahi dut, ikasi nahi dut. Hasiberri zaidan mundua da eta bertan jarraitu nahiko nuke”.

You may also like

Gizon izateko agindua auzitan jarri du Aritz Galarragak ‘Izan gizona’ saiakeran
Posted on 2026-09-17 by KulturSharea
Gizontasuna nola eraikitzen den eta gizarteak ezarritako gizon ereduak [...]
Xabier Mendigurenek Morlanseko hilketa ekarri du literaturara
Posted on 2026-09-17 by KulturSharea
Memoria historikoa eta euskal gatazkaren inguruko gogoeta landu ditu [...]
Ganbara Ostatua: jatorria, taldearen izaera eta oholtza gainean eskaintzen duten proposamen artistikoa
Posted on 2026-07-03 by KulturSharea
Donostiako Antigua auzoan sortutako Ganbara Ostatua taldeak bere [...]
‘Termita’ eleberria, ahots deseroso, aske eta errebelde bat
Posted on 2026-07-02 by KulturSharea
2025eko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Termita eleberriak [...]
Nerea Baldak zaintzaren argi-ilunak ekarri ditu ‘Zure arnasa zaintzeko’ eleberrira
Posted on 2026-06-09 by KulturSharea
Musikak, literaturak eta zaintzaren inguruko gogoetek harilkatzen dute [...]
Ingalaterrako lehen saioen ondoren, Zea Maysek Bilbon jarraitu du disko berria prestatzen
Posted on 2026-05-13 by KulturSharea
Taldeak Bilboko ETEN Espazio Sonoron egin ditu bere hurrengo lanari [...]
123…63

Page 1 of 63

Zabaldu: