(argazkia: AFA)

Donemiliagako Goldea dokumentuaren milurtekoa ospatzeko kultur programa aurkeztu dute Araban

Egitarauak hiru ekimen handi jasoko ditu, nagusiki dibulgaziozkoak, Museo eta Arkeologia Zerbitzuak eta Artxibo Zerbitzuak modu koordinatuan bultzatuak.

Donemiliagako Goldea  dokumentuaren milurtekoa ospatzeko asmoz, Arabako Foru Aldundiak 2025eko bigarren seihilekoan garatuko den jarduera programa antolatu du.

Eskuizkribu hori Donemiliaga Kukulako Monasterioan gordetzen da, 1025. urtean idatzi zen, eta Araba eta Errioxa Iruñeko Erresumako kide ziren garai batean monasterioari zergak ordaintzen zizkioten Arabako herrien zerrenda bat jasotzen du. Bertan, lehen aldiz aipatzen dira Arabako lurraldea osatzen zuten herrietako asko, besteak beste, “Gastehiz”, “Hagurahin” eta “Dullanzi”. Horietako batzuk oraindik existitzen dira, beste batzuk, berriz, desagertu. Beraz, lehen mailako lekukotza historikoa da lurraldeko Erdi Aroko populazioari buruz.

Programak hiru ekimen handi jasoko ditu, nagusiki dibulgaziozkoak, Museo eta Arkeologia Zerbitzuak eta Artxibo Zerbitzuak modu koordinatuan bultzatuak.

De ferro de Alava erakusketa ibiltaria

Formatu txikiko erakusketa da (20 m²), hiru panel bikoitzez osatua. Erakusketak labur eta erraz ulertzeko moduan azaltzen du dokumentuaren edukia, haren garrantzia eta zer testuinguru historikotan idatzi zen. Euskal Herriko eta Deustuko unibertsitateetako espezialistek parte hartu dute, baita San Millan de la Cogolla Fundazioak ere.

Erakusketa Bibat Museoan: Erdi Aroko herrixkak Euskal Herrian

Urritik aurrera, Arabako Arkeologia Museoak herrixketan zentratutako erakusketa bat hartuko du, XI. eta XII. mendeetan Euskal Herriak izan ohi duen populatze modu gisa. Erakusketan garai hartako bizimoduak ere aztertuko dira, eta D. Larreina, J. J. Larrea eta I. Garcia izango dira komisarioak, museoko talde teknikoarekin lankidetzan.

Erakusketa Arabako Artxiboan

Urriaren 3tik 31ra bitartean, Donemiliagako Goldearen dokumentuari buruzkoa izango den erakusketa bisitatu ahal izango da, Arabako Artxiboan. Bertan Codice Galicanoren aparteko mailegua izango da, Donemiliaga Kukulako Monasterioak lagata.
Gainera, doako argitalpen bat argitaratuko da erakusketa ibiltariaren edukietan oinarrituta eta Artxibo Zerbitzuaren ekarpen gehigarriekin. Irailaren amaieran banatzea aurreikusi da.

Hitzaldi zikloa

EHUko Erdi Aroko Historia Sailarekin lankidetzan, hitzaldi ziklo bat antolatu da Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, irailaren 25etik urriaren 30era bitartean (ostegun guztietan). Zenbait unibertsitatetako espezialistek hartuko dute parte, dokumentuarekin eta haren testuinguruarekin lotutako alderdi historikoak, linguistikoak eta arkeologikoak lantzeko. Urriaren 23an eta 30ean egingo dira euskarazko saioak.
Gainera, 2026an aurreikusita dago zikloko aktak argitaratzea.

Hitzaldiei buruzko informazio guztia ikusteko, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna